Genero ikuspegia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Genero ikuspegia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021-03-16

Remedios Zafra: hutsuneen eta hitzen garrantzia emakumeen presentzian.

Remedios Zafrak 2020ko Feministaldian eginiko aurkezpenan #EzGaltzekoModuko ekarpenak egin zizkigun. Horien artean ahizparekin batera haurtzaroan bizitako anekdota adierazgarria kontatu zuen. Irakurtzen zituztenen artean emakumeen hutsunea nabaritu zuten. Elkarri galdetzen zioten: zergatik ez dago emakumerik teknologia-bilduma honetan? Eta falta zituzten aleetan egongo zirela pentsatu zuten.


Zafrak hitzaren garrantzia azaldu zuen eta, adibide gisa, aipatu zuen gure inguru hurbileko gertaera hau: arautegi aldaketa baten ondorioz, UPV/EHUko Informatika Lizentziatura Ingenieritza bezala deitua izatera pasa zen. Ikasketa-plana eta programazio berdina, irakasle berdinak baina emakumezkoen matrikulazioa 60tik %17ra jaitsi zen.


Hona hemen Remedios Zafra solasean ikusteko esteka!

  #Kutsatu Hitzaldiak 

(bideora joan)

2020-12-16

"Euskara eta feminismoa bidelagun" bilduma

Euskara eta feminismoa bidelagun topaleku ederra izan da entzuteko, birpentsatzeko, sentitzeko eta loturak berrantolatzeko. Remedios Zafrak aipatu bezala Mundua aldatzen duenak lehenago mundua aztoratu behar izan du. (Feministaldia, 2020)

Bizitzaren eremu orotarako ezinbestekoa bihurtu zaigun eremu digitalean ere euskara eta feminismoa bidelagun izateko bide luzea egiteke. Horretan ere begirada jarri behar. Indarrak biltzeko prest?

2020-10-26

Eskola hiztun proaktibo [digital eta parekide] bila!

Miroodles

Gaur #EzGaltzekoModuko bi ekarpen iritsi zaizkit txiolandiatik nere leiho digitalera.馃榾 

Batetik, Gorka Juliok hezkuntzan multinazional teknologiko haundien saiakerei aurre egiteko apustu sendo bat proposatu digu: elkarlan erradikalerako apustu bat, software libreko tresnak eta lizentzia libreetan oinarritutako materialak sortu eta partekatzera bideratua, eta eskola publiko, komunitario eta kontzertatuak lotuko dituena. (Berria)

Bertzetik, Eskola Hiztun Bila 24. jardunaldietan Iratxe Retolazak eginiko hitzaldia (16:30 minututik 1:32:30 arte). Argi eta garbi deskribatu du hezkuntza arautuan bizitzen ari garen egungo egoera euskal kulturaren transmisio zein euskarazko komunikazio gaitasunaren inguruan. Hezkidetza planekin parekatuz, aldarrikatu egin du Heziberri 2020-curriculuma jarraiki, kultura ere zehar lerro gisa sustatzea, sareak eta egiturak elikatuz, euskal kultura planak sustatuz. Gainera, kultura eta dauden baliabideak  ikasleen eskura jartzeren garrantziaz hitz egin du ere bai. Nabarmenduko nuke amaieran bota duen gakoa: jende aunitz ari gara han-hemenka ahaleginak egiten eta egina dagoena zein sortzen ari garena elkarri jakinaraztea funtsezkoa da.

Burujabetza teknologikoa+euskal kultura eta komunikazioa+hezkidetzaren aldeko indar guztiak bildu eta batera landuz gero, hezkuntza formalean dauden zeharlerro nagusiak ukitzen arituko ginatekeela iduritzen zait. Bidean, hezitzaileon jarrera proaktiboaz gain, Hezkuntza Sailaren posizionamendu eta elkarlan sendoa beharko dugu. Badugu zer landu ikas-irakaskuntza prozesuetan ikasleekin! Sobera pentsatu gabe:
  • Euskaraz dauden eremu eta inguru digitalen aldeko apustu garbia.
  • Euskaraz egon eta askeak diren software zein material digitalak lehenetsi.
  • Konpetentzia digital hezkidetzailea zehaztu eta sustatu.
  • Euskal kultura, era anitz eta inklusiboan ulertuta, ikasleentzat eskuragarri jarri.
  • Ahozko eta ez ahozko komunikazio inklusibo, ez sexista sustatu online zein offline.
  • Hezitzaileon (eta erakundeen) artean konplizitate sareetan jardun.
  • ...


2020-06-16

HEZKEH 6. edizioa martxan! Hezkidetzaren oinarrizko ikastaroan izena emateko epea zabalik!

Berriz ere, gogoz eta ilusio handiz buru-belarri  ari gara Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 6. edizioa antolatzen. 

Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara, gustura, azkeneko 5 ikasturteetan.
Dagoeneko 6- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!

2020-04-16

Konfinamendu fisiko masibotik sareetara salto jendetsua! Zer moduz, hezitzaile?

Egun batetik bestera, guztion erresilientzia gorpuztua. Egunerokotasuna iraulia.  Eta gure bizi-eremu fisiko eta birtualaren arteko loturak (eta hausturak) inoiz baino garbiago agerian. Hezkuntza-eremuan lehendabiziko erronka ere, bideratua: gure ikastetxe fisikotik birtualera salto!  Gure inguruan Komunikazioa eta Hezkuntza Ingurune Birtualetan aditua den Amaia Arroyok ederki adierazi du zenbat ahalegin eta nolako konpromiso maila erakusten ari garen bazter guztietan (aupa gu!) baita aurrera egiteko #EzGaltzekoModuko gomendioak luzatu ere. 
Arrakala digitala aipatu izan da maiz egun hauetan. Ekimen ugari konexioa errazteko eta ekipo informatiko zein gailuak eskura jartzeko, azken finean, talde-kohesioa bermatu eta ikasleak gurekin biltzeko.  Hala ere, zalantzaz gainezka: ikasturtea nola bukatu, zer landu, zein izango dira ebaluazio (kalifikazio?) eskakizunak eta abar. Horrekin bakarrik nahiko buruhauste, ezta?

Badugu parez-pare beste erronka garrantzitsu bat: gure (elkar)bizitza digitalaren alderdi oro sustatu eta kudeatzeko prest? Kognitibo-akademikoarekin batera sozio-emozionalak? Zuzenekoan bezala, berebiziko garrantzia izango baitute klase digitaletan ere bai. Elkarren arteko komunikazioa, feedbackaren kalitateak zerikusi handia izango du honetan. Zer gertatzen ari da genero-arrakala digitalarekin? Ezer ez egitea, egitea denez, hezitzaileok ezer egin ezean, hizkuntza ez inklusiboa eta parte hartze ez parekideak erreproduzitzen jarraitzeko arriskuaz gain, indarkeria matxistak aipatu ez eta ikasleak ahalduntzeko aukerak galtzekoa dago.  Oraingoan ere, netiketek bestelako harreman markoak erakusten dizkigute.
Ahots ezberdinak agerian uzten ari dira krisi honi genero-ikuspegiarekin begiratu beharra dagoela analisia kokatuagoa izan dadin. Zer gertatuko litzateke hezkuntza- eta bizi-eremu digitaletan ere begirada hori txertatuko bagenu? Zer gertatzen ari ote da? 30 egun pasa ditugu COVID-19 goiti eta beheiti eta urrutiko hezkuntzara (zenbatetan elearning?) salto masiboa egin eta gero, gure egunerokotasuna dagoeneko ez da berdina izango. Ea sexismo eta desberdinkeria digital ororekiko jarrera kritikoa ere kontzienteagoa den konfinamendu garaitik aurrera!

[M4ko eguneraketa] Eskola-jazarpenaren kontrako eguna dela eta, hasi dira agertzen hainbat datuBerrogeialdian, eskola jazarpenak % 10eko hazkundea izan du.


2019-12-08

Interneten garaian genero-arrakala digital (GAD) berriak eta iceberg digital matxista EAEko nerabeen artean

Aurreko postean aipatzen genuen Esti Linaresek dagoeneko argitaratu du “El iceberg digital Machista: an谩lisis, prevenci贸n e intervenci贸n de las realidades machistas digitales entre la adolescencia en la CAE” azterlana, Emakunderen ikerlanen Lehiaketaren seigarren edizioa irabazi zuena. Linaresek ibilbide luzea du gai honen inguruan hausnartzen eta itzal luzekoa dugun gai hau gure inguru hurbilean argitzen.

Gure inguru hurbileko datuek erakusten digute dagoeneko lehen genero-arrakala digitala (Internetera iriste-maila) ez dela esanguratsua euskal gazteen artean. Ia guztiak bertan etengabe daude. Hortik aurrera adituek bestelako etenak identifikatzen hasi dira. Bigarrena erabileraren araberakoa eta hirugarrena erabilera aurreratuan dauden aldeak identifikatzen dituena. Linaresek islatu du maila horietan ere teknologien erabilerak genero-estereotipoen eskemetan oinarrituta egoteaz gain, genero-desberdinkeria sozialak eremu digitalera trasmititzen direla.

Emakunderen aldizkarian dioen moduan ikerketak egiaztatu du generoko desberdintasun sozialak eremu digitalera transmititzen direla, eta, horrela, sendotu egiten direla generoaren araberako eten digitalak teknologien trebetasunetan eta erabileran, emakumeen gorputzen hipersexualizazioa eta hipererotizazioa sarean, gizonezkoen menderatze digitala eta ziberjazarpen sexual eta/edo sexista bezalako ziberindarkeriak. Aukeren artean (ziber)feminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoa nabarmentzen ditu.

#EzGaltzekoModukoa





2019-11-24

Hezitzaileon ardura da sare sozialetako emakumeenganako ziberindarkeriak lantzea ere bai.

Hezkuntza eremuan gaudenok jakin badakigu Azaroaren 25a iristen denean, emakumeen aurkako indarkeriak lantzeko unean gaudela. Konpetentzia digitalari genero-ikuspegia ematen saiatzen gara txoko honetan, beraz ekin diezaiogun gaiari!

Internet eta, bereziki, sare sozialak gazteentzat bizi-eremu bihurtu dira. Gailuen bitartez
Iturria: stockvault.
etengabe konektatuta egoteko aukerak pertsonen arteko harremanak, lan egiteko eta ikasteko moduak eraldatu ditu.
Izan ere, IKT (Informazio+Komunikazio Teknologiak) kontzeptua atzeratuta geratu eta HIKT (Harreman+Informazio+Komunikazio Teknologiak) aldarrikatzen aritu izan diren adituak daude.

Aditu horietako bat den Carmen Ruiz Repulloren hitzetan HIKT horietako alderdi bat sare sozialetan gauzatu egiten dela eremu birtualetan nerabe/gazteen artean gertatzen diren genero-indarkeriak aztertzen dituen argitalpenean. Izan ere, komunitate birtual hauek pertsonen arteko kontaktuak sustatzea dute xede eta harreman-eremu bezala sortu dena, sozializazio eta subjektibazio gune ere bihurtu da, bereziki gazteen artean sareek hartu duten protagonismoa kontuan izanik. Mugikorrek prozesu honetan duten garrantzia ikusita, dagoeneko “teknologia afektiboa” direla defendatzen du Repullok, sentimendu eta emozioen adierazpena, esperientzia eta komunikazioa baldintzatzen dutelako.

Beste aditu batek, Ianire Est茅banezek hainbat gako ematen ditu fenomeno hau kokatzeko sare sozialetan neska gazteen aurkako ziberbiolentziak aztertzen dituen gidan:
  • Sare sozialak indarkeria zein ahalduntze guneak dira.
  • Online bizitzan gertatzen denak badu zerikusi handia offline bizitzan gertatzen denarekin.
  • Sareak arazo sozialen ispilu dira eta “ziber” dena tresna da, ez indarkeriaren kausa.
  • Indarkeriak zuzenean ikusteak, hauei erantzun publikoak eta agerikoak emateko aukerak sortzen ditu.

Esti Linaresek bere tesian ondorioztatu du jendartean dagoen matxismoa errepikatu egiten
Iturria: stockvault.
dela teknologia digitaletan: bideo joko, youtuber eta sare sozialek sexismoa islatzen dute, batez ere nerabeen artean barneraturik dituzten jarrerak eta estereotipoak erakutsiz. Eta horrekin batera oso diskurtso eraldatzaile eta alternatiboak badaudela ere bai.

Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean (2019) buruturiko ikerketaren ondorio nagusien arteko bat helduen eta gazteen artean dagoen arrail digitala dago. Ikerketaren arduradunen iritziz, batzuek eta besteok oso era ezberdinean ulertzen dugu munduan egoteko modua eta oso garrantzitsua da helduok gure errealitate propioa deseraikitzea, sare sozialen leihoetatik sartzea indarkeria sexisten identifikazio eta prebentzioan nerabeei lagundu ahal izateko.


Aurreko guztia irakurrita, zeren zain gaude hezitzaileok gaiarekin buru-belarri hasteko? Teknoeszeptizismo eta teknooptimismoaren artean kokaturik, estrategia moduan sare sozialak ezagutu behar ditugu eta beraien erabileran konpetenteak izatera iritsi.


2019-06-27

Hezkidetzan Esku Hartzen 5. edizioa martxan! Hezkidetzaren alde bildu nahi?


Ilusio handiz ari gara buru-belarri Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 5. edizioaren antolaketa lanetan. Zein azkar pasatzen diren urteak!!!!


Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara gustura azkeneko 4 ikasturteetan.
Dagoeneko 5- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!






2019-06-01

Noizko betaurreko moreak offline zein online?

Gaur8n gero hurbilago ditugun robot-lagunak eta generoak horietan duen zerikusia aztertzen duen argitalpena irakurri dut gaur bertan UPV/EHUko Informatikako irakasleak eta ikertzaileak diren Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkanoren eskutik: 
"Poliki-poliki plazaratzen ari diren robot-lagunak gehienbat zaintza eta zerbitzari funtzioetarako eraikitzen dira. Egungo jendartean rol horiek oraindik emakumezkoen ardura izan ohi dira eta horrek badu eragina roboten diseinuan! Robot mardul eta indartsuak gizon generoarekin lotzeko “ohitura” dago... Garbiketa, etxeko lanak edo zerbitzari lanak arintzeko diseinatzen diren robotak, aldiz, emakume kutsuarekin irudikatu genituen robotekin amesten genuenean eta emakume itxurakoak dira gaur egun ere. Ahotsari erreparatzen badiogu ere, robot-lagun horiek emakume ahotsa dute, ahots zerbitzariekin gertatu ohi den moduan."
Ederki ondorioztatzen dute robotek egin behar dutena egiteko, hurbiltasuna eta emozioak adierazteko, generoa erreproduzitzea ez dela ezinbertzeko kontua. Eta baita adibide aproposa eman ere!


Honen kontzientza duten emakumeak robotikaren garapen eremuetan egotea erronka ederra begi-bistan patriarkatuak offline hedatzen duen sexismoa online ez erreproduzitzeko!

Gogora ekarri dit Lorena Fern谩ndezek GSuite Hezkuntzan 2018 topaketan egin zuen aurkezpena. Bertan adibideekin adierazi zuen algoritmoetan eta Adimen Artifizialaren garapenean ere sexu-genero estereotipoek sekulako eragina dutela. Izan ere, egungo teknologiaren atzean batez ere gizon zuri eta heterosexualak egoteak eragin handia du eta. Inspirasteam proiektuarekin neskak eremu hauetatik aldendu ez daitezen sustatzen dabil buru-belarri. Hemen duzue bideoa (gazt.)


Azken egun hauetan, tamalez, pil-pilean dugu gure inguruan sexismoa-teknologia digitalen erabilera arduragabea-maitasun erromantikoa-elkarbizitza ez onuragarria nahasten dituen istorioa.
Argia astekarian  Jon Tornerren Whatsappez zabaldutako bideoak: Matxismoaren sua nola itzali? artikuluak biral bihurtu den poxpoluen irudi adierazgarria erakusten du:
"Ez su gehiago eman. Ez partekatu, eta bidali dizunari egindakoa aurpegiratu. Egin beharrekoen artean gehituko nituzke: biktimari babesa eskaini eta, dagokionean, salatu."

Noizko jantziko ditugu jendarte gisa feminismo eta hezkidetzaren betaurreko moreak 
offline zein online elkarbizitza positiboa eraikitzeko?
Horren alde indarrak bildu nahi?

2019-04-29

Euskara, jalgi hadi Internetera!

Teknologia digitala gure inguruan omnipresente izatera iritsi geroztik, hezitzaileok erronka handiak ditugu begi-bistan, horietako bat bertan gure hizkuntzaren erabilpena eta presentzia sustatzea

Berriki, euskara irakasle gisa ibilbide luzekoa den Abel Camachok hala zioen:
Berria egunkaria

2014ean Kike Amonarrizek jakinarazi zigun orduko hartan Wikipedian euskara 35. lekuan zegoela eta Twitterren hizkuntza gutxituen artean gehien erabilia zela. "Urak eginen du bide" atsotiz zaharra aitzaki hartuta,  2014 geroztik sarean euskarak bideak egin ditu ezta? 

Aste honetan Elhuyarreko ingeniaritza linguistikoko taldeak Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen erradiografia bat aurkeztu du eta emaitzak ez dira onak... soilik %10 dira euskaraz


Wikipedian, aldiz, berri hobeak: euskarazkoa 29. postura igo da (300 hizkuntza inguru daude).
Euskarazko Wikipediaren kokapena.

Hala ere, kezkatzekoa da wikilari lanetan aktiboki ari direnak ez direla inondik inora ere euskaldun hiztunek osatzen duten komunitatearen pareko: milioi hiztuneko 250 editore inguru. Eta beste Wikipedietan gertatzen den bezala, emakumeen presentzia artikuluetan zein editoreen artean %20 ingurukoa.


Iturria: Wikimedia estatistikak

Euskara sustatzeko adosturiko 
herri aginteentzako 12 gomendioak aurkeztu zituzten 2016an Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendariak, Maite Go帽ikAurrerapauso handiak eta nabarmenak egin badira ere, oraindik euskarak bide luzea baitu egiteke.

2017an Interneten ere, lehen hitza euskaraz kanpaina abian jarri zen nabigatzaile eta gailu mugikor guztiak euskaraz konfiguratu eta webguneetan euskara lehenesteko. Eta 2018an UEMA eta PUNTUEUSek Interneten euskara indartzeko hitzarmena sinatu zuten.

Bestalde, oso adierazgarriak dira Interneten erabilera-datuak; Eustaten 2018ko datuen arabera dagoeneko EAEn Internet erabiltzen duten 15 urtetik gorako pertsonak 1.461.600 dira. 

2019an Gazteen Euskal Behatokiak egindako gazteen egoeraren diagnostikoaren arabera ia-ia gazte guztiek egunero erabiltzen dituzte sare sozialak eta teknologia digitalaren erabilerak gora egin arren, orokorrean euskararen lagunarteko erabilerak behera egin du.

Honen guztiaren harira, eta hezitzaile gisa, galdera hauek etorri zaizkit gogora: 

  • Zer gertatuko zen Elhuyarrek Twitterren bezala Instagramen ikerketa eginez gero? (Hezitzaileok hor topatuko genituzke gaztetxo gehienak!)
  • Noizko areagotu hezitzaileok estrategikoki interneten eta sare sozialetan dugun presentzia pedagogikoa eta euskaraz, gainera?
  • Noizko Euskaraldia Digitala?
Kontrapas bertso zaharra guztion izatearen parte bihurtu zuen Xabier Letek  kantu bihurtzean. Haren hitzak moldatuz, honen alde egiteko prest?

2019-04-25

#wikiemakumeok Euskadi Irratian eta #WikiEdu2019n

Kaixo! Ohi bezala bizitza intentsoa bazter hauetan! Oraingo honetan astia hartu dut #Wikiemakumeok taldearekin azken boladan egindako ekarpen pare bat txoko honetara ekartzeko.

Leire Palaciosek gidatzen duen Sarean irratsaioan (Euskadi Irratia) parte hartzeko aukera eman zigun. Gustura aritu ginen gurea bezalako taldeen beharraren inguruan solasean! Mila esker Leire! :)
 
Eta handik egun gutxira bertze hitzordu garrantzitsua! Donostian burutu zen Wikimedia+Education Conference 2019 topaketan egon ginen. Hor ere ederki ibili ginen, mila esker eta zorionak EWKE! Munduko bazter guztietako wikilariekin (eta Gorkak bere blogean aipatu bezala intereseko gai guztietara ezin ailegatuz elkartrukean) aritu ginen arras asteburu intentsoa biziz. Wikimedia proiektuek Hezkuntzari egiten dizkioten ekarpenak eta alderantzizkoak gero eta jende gehiago han-hemenka sustatzen ikustea, berri ezin hobea da. Mentxu Ramilok aurkeztu zuen berak abian jarri eta sustaturiko Wikiemakumeok taldeen ibilbidea. 

Hilean behin Euskal Herrian barna biltzen gara elkarrekin  editatzen ikasteko eta Wikipedian dagoen genero arraila pausoz pauso gutxiagotzeko, ez dauden emakumeak bistaratzeko eta genero-ikuspegia txertatzen joateko. 

Eta zu? Berdinzalea zara? Munduko webgunerik bisitatuen artean 5. postuan den horretan zure ekarpenak egiteko gogoz? Animatu eta agertu, erabat borondatezkoa eta inolako konpromisorik eskatzen duen jarduera da. Zure zain!



Iturria

Iturria

2019-04-24

Hezkidetzaren beharra Konpetentzia Digitalaren garapenean.

Dagoeneko bizitzarako prestakuntzan inork ez du Konpetentzia Digitala garatzearen beharra zalantzan jartzen, ezta hori gailuak erabiltzea baino haratago doan kontua denik ere ... baina gure egunerokotasunean gero eta integratua dugun eremu digital honetan zenbateraino ez ote ari gara erreproduzitzen sexismoak sustaturiko bazterkeria kaltegarriak?

Amaia Arroyok (hezitzailea eta Komunikazio zein Eremu Birtualetan Hezkuntzan Doktorea) aukera eman zidan honi buruzko bapateko hurbilketa egiteko berak gidaturiko "Irakaslea ikasleen nortasun-digitala garatzeko bidelagun" ikastaroan (Prest_Gara 2018-2019). 

Offline eremuan bezala, online eremuan ere aunitz egiteko oraindik Konpetentzia Digital Hezkidetzailea garatzeko! Bidean gaude! 

Milesker, Amaia!







2019-01-03

Hezkuntzan (ziber)autodefentsa feminista ere bai!

Urte berri, bizi berri? Ba, indarkeria matxista kontuetan zoritxarrez ez!

Gaurko eguna hasi bezain fite Berrian irakurritako azkenak ez dira batere onak: Sanferminetako erasotzaileak ez espetxeratzea erabaki du Nafarroako Auzitegiak epaia irmoa izan arte (>:/) eta Estibaliz Linares ikertzailearen hitzetan "Gazteen artean aukera berdintasunaren aldeko diskurtsoa topatu arren, estereotipoak oso errotuta dauzkate. Aplikazio eta sare sozialek nesken aurkako sexu jazarpena indartu dute."

Hezitzaile gisa, hezkidetzazale gisa, IKT dinamizatzaile gisa, aspalditik kezkatzen nauen kontua da hau. Mundua irauli duten internet eta teknologia digitalek gure bizitza arlo guztietan hobetzeko balizko bideak sortu badituzte ere, jendarte berdinzalea eraikitzeko bidean (eta bertze alderdi aunitzetan ezta ere, baina hori bertze egun baterako utziko dugu) nik uste baliabideak, eszenario berriak ez garela behar bezala aprobetxatzen ari eta inguru presentzialean ohikoa dugun indarkeria erreproduzitzen ari dela inguru digital eta birtualetan. 

Gure inguru hurbilean, Garazi Urdangarinek 2015ean ildo horretatik bideratu zuen bere MALa Gipuzkoako nerabeekin egindako ikerketa lanean sare sozialetan ematen zen nesken gauza-bihurtzea (cosificaci贸n) aztertuz.

Berriki, Ianire Estebanez adituak argitaratu du gida didaktiko interesgarri bat:  #yonocompartoviolencia La ciberviolencia hacia las adolescentes en las redes sociales. (Junta de Andaluc铆a) 

2018ko azaroan DVn egin zioten elkarrizketa batean, Estebanezek sareetan egoteko eta eredu positiboak eta kritikoak hedatzeko deia egiten zuen. Hezkuntzaren ardura zuzena da indarkeria mota oro deseraikitzen eta elkarbizitza positiborako bideak jorratzen jardutea modu sistematikoan. Eta horregatik, emakumeenganako indarkeriari dagokionez, hezkuntza eragileon ardura da neska guztientzako autodefentsa feministarako prestakuntza bermatzea ere. Bai zuzenenekoan, bai interneten edo sare sozialetan. Izan ere, konpetentzia digitala gure egungo ikasleen alfabetizazioan ezinbestekoa izango baita epe labur, ertain eta luzean bizi ona eraikitzeko orduan. 

Lortuko dugu? Noizko? Nor dago euskaraz halakoetan lanean aritzeko gogoz? Ni prest! 

Akitzeko, Nerea Barjola adituaren mezua:


2018-05-22

Goazen Wikipediara! #Wikiemakumeak



Orain dela urte bat pasatxo #Wikiemakumeak topaketa batera hurbildu nintzen lehenengo aldiz. Nire ustez Wikipedia zena Wikimedia fundazioaren barneko ekosistemaren osagaia zela ikusteak harrituta utzi ninduen! 


Milioika bisita, eduki askeko entziklopedia, lankidetzaz editatua, eleanitza, boluntarioek egina... baina emakumeen ekarpenei eta protagonismoari dagokionez datuek argi uzten dute badela zer hobetu ! (Ikus datuak)




Iturritik egokitua

Zergatik da hain garrantzitsua emakumeak Wikipedian editore gisa aritzea eta emakumeen ekarpenak bistaratzea? (Eta Wikiesanak gunean haien pentsamendua hitzez hitz aipatzea, dauden artikuluei genero-ikuspegia txertatzea, Wikipedia barnean liburuzain zereginetan jardutea, Commonsera iruditegi feminista eta berdinzalea igotzea eta abar luze bat... )

Ziberespazioa okupatzea ere ezinbertzeko kontua bihurtu delako. Emakumeok espazio publikoan egoteko, geure bizitzaren protagonista izateko borrokatzen dugun bezala, Internet dagoeneko fisiko-presentziala bezain erreala den elkarbizitza eremua da eta hor ere ezer egin ezean heteropatriarkatuak dituen mekanismoak etengabe erreproduzitu egingo ditu. Mekanismo hauetariko bat androzentrismoa da, hots, emakumeak eta haien ekarpenak ikusezin bihurtzea.
Horregatik esaera zaharrari jarraiki [Wikipedian] izena duenak izana du eta aktibismo feminista gisa bizi dugu gure ekarpenak egiteko modua: hilean behin, Euskal Herriko hainbat txokotan zenbait lagun elkartzen gara presentzialki erabat boluntarioa den lana egiteko: emakumeen biografiak sortu, hobetu, aipuak bildu, dokumentatu...  

Topagune irekiak dira, inolako konpromisorik eskatzen ez dutenak, soilik zure bizitzako tarte hori entziklopedia unibertsal "demokratiko" horretan sexu堑enero jauzia gutxiagotzeko falta direnak bistaratzeko aprobetxatzea!

Wikipedian editatzen ikasi nahi? Animatu eta etorri hurbilen duzunera!

Hurrengo larunbatean Wikiemakumeak EZAGUTZA(K) LIBREAGO IZATEKO topaketan aurkeztuko dugu eta bertze hainbertze ekimen interesgarrien berri izateko aukera ederra izango dugu.  

Animatu eta hantxe ikusiko dugu elkar!


2018-01-20

Guztiok ziborg-ak? (Jendea, makinak eta kontraesanak.)

Amber Case ziborg-antropologaria entzuten hasi orduko buru barnean bor-bor hasten dira ideiak, usteak eta iritziak:


Gogora ekarri dizkit Coral Herrerak berriki Pikaran argitaraturiko "Emakume gorra eta cyborg-a" testigantza hunkigarria eta Gorka Juliok gai honen inguruan idatzitako Ziborg-ak gara sarrera. Bertan Neil Harbissonen, -munduak ziborg bezala kontsideratutako lehen pertsona-, biografia gogoratzen du. Baita Donna Harawayk bere Ziborg Manifestua-n egiten duen proposamena: ziborg-ek ekarri digute genero eta gorputzaren arteko mugen malgutasuna: ez humano ez makina, ez gizon ez emakume. 


Bertze muturrean Dolors Reigek dioen moduan, oraindik hiritartasun eskubideak denentzat bermatzen ez dituen munduan robotak hiritar izendatuak... Eta gainera genero-ikuspegia sartuz gero, berriro sexu-genero estereotipo sexistak pil-pilean...

Zalantzarik gabe, nik Haraway eta Amber Case nahiago!

Iturria: Telos 


2017-11-26

#Getxoblog 2017 UR saria #Wikiemakumeok proiektua.


Larunbata goizean aukera ederra izan nuen urtero sareetatik jarraitzen nuen topaketa batera bertaratzeko: Mentxu Ramiloren #wikiemakumeok proiektua saritua izan da!

Aurten hainbat tarte horretan inbertitzen ari naiz eta egitan gomendatzeko modukoa dela! Wikipedian editatzen ikasteko hilabetero in situ elkartzea eta ederki pasatzeak badu bere xarma!



Gure @mentxuwiki #wikipedian emakumeen presentzia indartzeko indarrak biltzen eta aukerak sortzen hasi zenean, ba zekien zertan ari zen!



wakeletPowered by Wakelet

wakelet Powered by Wakelet

2017-11-25

2.0 unibertsoan ikasleen artean ere genero-indarkeria PRESENTE!


Azaroak 25 eguna izaten da urtero mundu osoan barna emakume izate hutsagatik emakumeon kontrako indarkeria salatzeko eguna. Kalera ateratzeko eta #AskiDa eta #ErasorikEzErantzunikGabe oihukatzeko eguna. Hezkuntza eremuan ere aldarrikapen eguna da.

Unibertso digitalean jarri ohi dugu lupa txoko birtual honetan. Eta lupatxoak argi eta garbi erakusten du presentzialean gertatzen diren indarkeria matxistek, hemen ere badutela lekua hartua.

Ikasleak protagonista dituzten ikerketei solas egiten utziko diegu!

  • Berriki Katalunia, Aragoi, Galizia, Andaluzia, Balear eta Kanariar Uharteetako nerabeek sarean baden genero-indarkeriaren inguruko pertzeptzio, jarrera eta sineskerei buruzko ikerketa argitaratu dute. (UNED).
      

Datuen iturria: 

DONOSO V脕ZQUEZ, Trinidad, Mar铆a Jos茅 RUBIO HURTADO y Ruth VIL脌 BA脩OS, 2018. La adolescencia ante la violencia de g茅nero 2.0: concepciones, conductas y experiencias. Educaci贸n XX1: Revista de la Facultad de Educaci贸n [linean = en l铆nea]. Madrid: Universidad Nacional de Educaci贸n a Distancia, 2018, 21, (1), 109-134 [kontsulta = consulta: 2017/11/20]. ISSN 1139-613X. Interneten kontsultagarri hemen: http://revistas.uned.es/index.php/educacionXX1/article/view/20180/16715



Eta halakoen aurrean zer egin?