Inork espero ez zuenean, hezkuntza-eremuko konpetentzia digitalaren munduan
iraultza! COVID-19k hamaika aldaketa ekarri ditu gure bizitzara. Hezitzaileon
kasuan, egun batetik bertzera presentzialetik onlinera pasatu behar izanak,
frogan jarri ditu garatutzat genituen konpetentzia digitalak baita ederki
erakutsi ere, zein diren gabeziak. Kontua da, irailetik aurrera eredu mistoa
aurreikusten ari garela eta honek guztiak erronka galanta jarri duela mahai
gainean: mundu digitalerako irakasleen prestakuntza integralean murgildu behar, garena eta dakiguna eguneratu behar, baina zertan? Nola?
Norekin? Jordi Adell entzuteko aukera ederra izan dugu berriki parez pare ditugun
erronkei begira hainbat gako interesgarri aurkezten.
Argi dago konpetente digital izateak, gailu, aplikazio, plataforma digitalen erabilera soiletik haratago kokatzen gaituela nahitanahiez.
|
Adellek aipatu zituenen artean, teknologia integratzeko eredu berri bat:
PICRAT eredua. [Kimmons, R., Graham, C. R., & West, R. E. (2020). The PICRAT
model for technology integration in teacher preparation. Contemporary
Issues in Technology and Teacher Education, 20(1)]
Egileek irakasleen prestakuntzan teknologia integratzeko proposatzen dute PICRAT eredu hau. Matrize baten bitartez, oso modu azkarrean laguntzen du, batetik, hezitzaileok proposatzen ditugun praktika digitalak zertan oinarritzen diren bistaratzen; hau da, teknologia erdian sartzean zer egiten dugu? Hiru aukera: ikasgelan egiten duguna ordezkatu, handiagotu edo eraldatu.
Bertzetik, PICRAT-ek bistaratzen lagunduko digu proposatzen ditugun jarduerek ikasleei bere ikasketa prozesuan ezagutza eraikitzeko zer nolako jarrera eta parte hartzea eskatzen dieten: pasibo egotea, interakzioan jardutea guk proposaturikoarekin/ikaskideekin, edo horren gainean zeozer berria sortze-lanetan (artefaktu digitalak).
Hala, matrizeak sekuentzia didaktiko batean erabiltzen ditugun jarduera guztiak mapeatzeko aukera ematen digu. Bistan denez, metodologia aktiboen alde egin nahi izanez gero, matrizearen eskuinaldeko goikoetako laukien eremuetan ere egongo dira zenbait ataza.
Royce Kimmons-en PICRAT matrizea euskaratua (Amarauna) |
Bertzerik ezean, hau TPACK ereduarekin konbinatuz gero, oinarrizko abiapuntua izan daiteke hemendik
aurrera, oraingoan masiboki eta beharrak motibatuta, bazter guztietan egiten
ari garen transizio digitalerako prestakuntzan. Izan ere, irakasleon prestakuntzarako PICRAT-ek ematen digun berehalako irudia emankorra izna daiteke TPACK ereduarekin batera batera erabiliz gero.
TPACK ereduak irakaskuntza eraginkorrerako hiru oinarri hartzen ditu ardatz: edukiak, pedagogia eta teknologia. Horien artean konbinaketa ezberdinak eman daitezke: edukien jakintza pedagogikoa, teknologiaren jakintza pedagogikoa eta edukien jakintza teknologikoa. Erdigunean kokatuko den hiru jakintzen arteko konbinaketa da edukien jakintza teknologiko-pedagogikoa.
Hona hemen Amaia Arroyo
aurkezten zertan datzan:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina