2020-06-21

Hezitzaileon prestakuntza digitalean PICRAT eta TPACK ereduak gidari

Inork espero ez zuenean, hezkuntza-eremuko konpetentzia digitalaren munduan iraultza! COVID-19k hamaika aldaketa ekarri ditu gure bizitzara. Hezitzaileon kasuan, egun batetik bertzera presentzialetik onlinera pasatu behar izanak, frogan jarri ditu garatutzat genituen konpetentzia digitalak baita ederki erakutsi ere, zein diren gabeziak. Kontua da, irailetik aurrera eredu mistoa aurreikusten ari garela eta honek guztiak erronka galanta jarri duela mahai gainean: mundu digitalerako irakasleen prestakuntza integralean murgildu behar, garena eta dakiguna eguneratu behar, baina zertan? Nola? Norekin? Jordi Adell entzuteko aukera ederra izan dugu berriki parez pare ditugun erronkei begira hainbat gako interesgarri aurkezten.


Argi dago konpetente digital izateak, gailu, aplikazio, plataforma digitalen erabilera soiletik haratago kokatzen gaituela nahitanahiez.

Konpetentzia digitalaren garapenaren markoa

Adellek aipatu zituenen artean, teknologia integratzeko eredu berri bat: PICRAT eredua. [Kimmons, R., Graham, C. R., & West, R. E. (2020). The PICRAT model for technology integration in teacher preparation. Contemporary Issues in Technology and Teacher Education, 20(1)]

Egileek irakasleen prestakuntzan teknologia integratzeko proposatzen dute PICRAT eredu hau. Matrize baten bitartez, oso modu azkarrean laguntzen du, batetik, hezitzaileok proposatzen ditugun praktika digitalak zertan oinarritzen diren bistaratzen; hau da, teknologia erdian sartzean zer egiten dugu? Hiru aukera: ikasgelan egiten duguna ordezkatu, handiagotu edo eraldatu.

Bertzetik, PICRAT-ek bistaratzen lagunduko digu proposatzen ditugun jarduerek ikasleei bere ikasketa prozesuan ezagutza eraikitzeko zer nolako jarrera eta parte hartzea eskatzen dieten: pasibo egotea, interakzioan jardutea guk proposaturikoarekin/ikaskideekin, edo horren gainean zeozer berria sortze-lanetan (artefaktu digitalak). 

Hala, matrizeak sekuentzia didaktiko batean erabiltzen ditugun jarduera guztiak mapeatzeko aukera ematen digu. Bistan denez, metodologia aktiboen alde egin nahi izanez gero, matrizearen eskuinaldeko goikoetako laukien eremuetan ere egongo dira zenbait ataza.


Royce Kimmons-en PICRAT matriza euskaratua
Royce Kimmons-en PICRAT matrizea euskaratua (Amarauna)

Bertzerik ezean, hau TPACK ereduarekin konbinatuz gero, oinarrizko abiapuntua izan daiteke hemendik aurrera, oraingoan masiboki eta beharrak motibatuta, bazter guztietan egiten ari garen transizio digitalerako prestakuntzan. Izan ere, irakasleon prestakuntzarako PICRAT-ek ematen digun berehalako irudia emankorra izna daiteke TPACK ereduarekin batera batera erabiliz gero.

TPACK ereduak irakaskuntza eraginkorrerako hiru oinarri hartzen ditu ardatz: edukiak, pedagogia eta teknologia. Horien artean konbinaketa ezberdinak eman daitezke: edukien jakintza pedagogikoa, teknologiaren jakintza pedagogikoa eta edukien jakintza teknologikoa. Erdigunean kokatuko den hiru jakintzen arteko konbinaketa da edukien jakintza teknologiko-pedagogikoa.


Hona hemen Amaia Arroyo aurkezten zertan datzan:

2020-06-20

Mundu digitalerako hezitzaile-konpetentzia integrala

2018an Francesc Esteve, Linda Castañeda eta Jordi Adellek mundu digitalerako irakaskuntza-gaitasunaren eredu holistikoaren proposamena aurkeztu ziguten, aldez aurreko ereduen muga nagusietako batzuk gainditu nahi zituena, bereziki, konpetentzia murriztaile kontzeptua, irakaskuntza-ekintza ikasgelara mugaturiko ikuspegia eta teknologiaren ikuspegi instrumentalista. 

Eredu horretan, irakaslea ez da ulertzen prozesuak gela baten barruan tresnekin "martxan" jartzen dituen langile huts gisa; aitzitik, bere lanbidearekin eta bere testuinguruarekin konprometitutako pentsamendu-, hausnarketa- eta ekintza-karga handia duen profesionala da.

Beraien proposamenari jarraiki, irakasle gisa dugun zeregina, akademikoa ez ezik, politikoa eta soziala ere bada; beraz, gure jarrera ezin da neutrala izan, baizik eta konprometitua herritar horien eta jendarte horren eraikuntzan, gaur egungoa baino pixka bat gizatiarragoa eta justuagoa izan dadin.

Hona hemen laburpena.

2020-06-16

HEZKEH 6. edizioa martxan! Hezkidetzaren oinarrizko ikastaroan izena emateko epea zabalik!

Berriz ere, gogoz eta ilusio handiz buru-belarri  ari gara Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 6. edizioa antolatzen. 

Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara, gustura, azkeneko 5 ikasturteetan.
Dagoeneko 6- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!