2020-05-04

Eta orain... azterketak online, nola? 8-O


COVID-19k ohiko ebaluazioaren paradigma birpentsatu beharra ekarri digu. Izan ere, dagoeneko klase digitaletan murgilduta gaudelarik, erronka (edo buruhauste) erraldoia hezitzaileontzat hauxe: nola egin ebaluazioa egoera honetan? Eta ebaluazioa esatean azterketak ditugu buruan... Hemen Lasarteko Berritzeguneak antolatuta, UOC-ko irakaslea den Antoni Badiaren eskutik argi eta garbi ikastetxe gehienon egoera deskribatzen duen solasaldia, baita bide horrek hartu ahalko lukeen norabide logikoa ere. (Oharra: begiratu Kolaborategiaren ekarpen mamitsu hau eta UOC bidezko hau ere bai)


Esan bezala, gure kezka hau dugu, offline egin ohi ditugun azterketak online moduan nola egin? Horretarako, guk ikasleak azterketa garaian gainbegiratu edo/eta plagioak detektatzeko teknologia aproposa topatu behar dugula izan daiteke lehen burutazioa. Baina gure eskuetan dugun teknologia eta baliabide digitalak ikusita, ez dut uste bide honetatik jarraituta, ibilbide luzerik izango dugunik. Bestalde, legalki ere, Hezkuntza Sailetik larrialdi-egoera honetan online ebaluazio-markoetan ditugun mugen berri izatearen falta antzematen dut nik bederen.


Hori dela eta, azterketen erronkari heltzeko beste bideren bat hasunartu behar. Argi dut ebaluazioaren zentzu pedagogia eta egiten ditugun azterketa motak aldatu beharrera iritsiko garela. (Ebaluazioa bai dela, Bigarren Hezkuntzan behinzat, heldu beharreko gaia.) Ezin dugu aurrez aurreko azterketaren transpolazio simetrikoa egin online azterketa batera eta efizientziaren izenean bestelako bideen bila jarraitu behar. Edo bai? Egia esan, kontraesanetan murgilduta bizi gara, batetik, konpetentzia bidezko hezkuntza-ereduan aomen eta, bestetik, selektibitateko azterketak egiteko eskakizunak betetzeko ikasleak prestatu behar... Bururatzen zait, azterketak hala mantenduz gero, gutxienez ikasleei eskatu beharko geniekela azterketaren inguruko audio/bideo bidezko azalpena egitea: beraiek egin dutela erakusteko, erabilitako trebeziak, edukiak eta arrazonamendu bideak zein izan diren azaltzeko, azken finean metakognizioa sustatzeko.


Dena xuri edo beltz hartea ez denez aproposa izaten, agian momentu ona da beste aukera batzuk ere kontuan izateko, ohikoarekin konbinatzeko sikiera, eta horien artean, adibidez, liburu irekiko azterketa modukoak (Open Book Exams).



Bukatzeko, markoa zabaltzeko berriz ere, INTEFek ere iradokizun interesgarriak luzatu dizkigu online ebaluazioaren inguruan. 

Burua bor-bor, ezta? Hau da gure eguneroko intentsidade intentsoa... Bakoitza bere neurriko formularen bila ibiliko gara seguruenik... Ea nola amaitzen dugun ikasturtea eta elkarren artean halakoak partekatzeko aukera dugun, denbora luzeko kontua izanen baita eta halakoetan ere, elkarrekin bidea eginez gero, hobe!.