2020-10-28

Online irakatsi edo online biziraun? Pandemia garaiko erronkak-Rakel Gamito.

Ze gustura jarraitu nuen, online doike, UEUren ikasturte hasierako hitzaldi nagusian #HEZikt graduondokoko irakasle Rakel Gamito: Online irakatsi edo online biziraun?
Pandemia garaian hezkuntza-komunitatearen erantzunak aztertu eta datozen erronkak zehaztu zituen. #EzGaltzekoModukoa!!!



2020-10-26

Eskola hiztun proaktibo [digital eta parekide] bila!

Miroodles

Gaur #EzGaltzekoModuko bi ekarpen iritsi zaizkit txiolandiatik nere leiho digitalera.😀 

Batetik, Gorka Juliok hezkuntzan multinazional teknologiko haundien saiakerei aurre egiteko apustu sendo bat proposatu digu: elkarlan erradikalerako apustu bat, software libreko tresnak eta lizentzia libreetan oinarritutako materialak sortu eta partekatzera bideratua, eta eskola publiko, komunitario eta kontzertatuak lotuko dituena. (Berria)

Bertzetik, Eskola Hiztun Bila 24. jardunaldietan Iratxe Retolazak eginiko hitzaldia (16:30 minututik 1:32:30 arte). Argi eta garbi deskribatu du hezkuntza arautuan bizitzen ari garen egungo egoera euskal kulturaren transmisio zein euskarazko komunikazio gaitasunaren inguruan. Hezkidetza planekin parekatuz, aldarrikatu egin du Heziberri 2020-curriculuma jarraiki, kultura ere zehar lerro gisa sustatzea, sareak eta egiturak elikatuz, euskal kultura planak sustatuz. Gainera, kultura eta dauden baliabideak  ikasleen eskura jartzeren garrantziaz hitz egin du ere bai. Nabarmenduko nuke amaieran bota duen gakoa: jende aunitz ari gara han-hemenka ahaleginak egiten eta egina dagoena zein sortzen ari garena elkarri jakinaraztea funtsezkoa da.

Burujabetza teknologikoa+euskal kultura eta komunikazioa+hezkidetzaren aldeko indar guztiak bildu eta batera landuz gero, hezkuntza formalean dauden zeharlerro nagusiak ukitzen arituko ginatekeela iduritzen zait. Bidean, hezitzaileon jarrera proaktiboaz gain, Hezkuntza Sailaren posizionamendu eta elkarlan sendoa beharko dugu. Badugu zer landu ikas-irakaskuntza prozesuetan ikasleekin! Sobera pentsatu gabe:
  • Euskaraz dauden eremu eta inguru digitalen aldeko apustu garbia.
  • Euskaraz egon eta askeak diren software zein material digitalak lehenetsi.
  • Konpetentzia digital hezkidetzailea zehaztu eta sustatu.
  • Euskal kultura, era anitz eta inklusiboan ulertuta, ikasleentzat eskuragarri jarri.
  • Ahozko eta ez ahozko komunikazio inklusibo, ez sexista sustatu online zein offline.
  • Hezitzaileon (eta erakundeen) artean konplizitate sareetan jardun.
  • ...