Gaur8n gero hurbilago ditugun robot-lagunak eta generoak horietan duen zerikusia aztertzen duen argitalpena irakurri dut gaur bertan UPV/EHUko Informatikako irakasleak eta ikertzaileak diren Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkanoren eskutik:
Ederki ondorioztatzen dute robotek egin behar dutena egiteko, hurbiltasuna eta emozioak adierazteko, generoa erreproduzitzea ez dela ezinbertzeko kontua. Eta baita adibide aproposa eman ere!"Poliki-poliki plazaratzen ari diren robot-lagunak gehienbat zaintza eta zerbitzari funtzioetarako eraikitzen dira. Egungo jendartean rol horiek oraindik emakumezkoen ardura izan ohi dira eta horrek badu eragina roboten diseinuan! Robot mardul eta indartsuak gizon generoarekin lotzeko “ohitura” dago... Garbiketa, etxeko lanak edo zerbitzari lanak arintzeko diseinatzen diren robotak, aldiz, emakume kutsuarekin irudikatu genituen robotekin amesten genuenean eta emakume itxurakoak dira gaur egun ere. Ahotsari erreparatzen badiogu ere, robot-lagun horiek emakume ahotsa dute, ahots zerbitzariekin gertatu ohi den moduan."
Honen kontzientza duten emakumeak robotikaren garapen eremuetan egotea erronka ederra begi-bistan patriarkatuak offline hedatzen duen sexismoa online ez erreproduzitzeko!
Gogora ekarri dit Lorena Fernándezek GSuite Hezkuntzan 2018 topaketan egin zuen aurkezpena. Bertan adibideekin adierazi zuen algoritmoetan eta Adimen Artifizialaren garapenean ere sexu-genero estereotipoek sekulako eragina dutela. Izan ere, egungo teknologiaren atzean batez ere gizon zuri eta heterosexualak egoteak eragin handia du eta. Inspirasteam proiektuarekin neskak eremu hauetatik aldendu ez daitezen sustatzen dabil buru-belarri. Hemen duzue bideoa (gazt.)
Azken egun hauetan, tamalez, pil-pilean dugu gure inguruan sexismoa-teknologia digitalen erabilera arduragabea-maitasun erromantikoa-elkarbizitza ez onuragarria nahasten dituen istorioa.
Argia astekarian Jon Tornerren Whatsappez zabaldutako bideoak: Matxismoaren sua nola itzali? artikuluak biral bihurtu den poxpoluen irudi adierazgarria erakusten du:
"Ez su gehiago eman. Ez partekatu, eta bidali dizunari egindakoa aurpegiratu. Egin beharrekoen artean gehituko nituzke: biktimari babesa eskaini eta, dagokionean, salatu."
Noizko jantziko ditugu jendarte gisa feminismo eta hezkidetzaren betaurreko moreak
offline zein online elkarbizitza positiboa eraikitzeko?
Horren alde indarrak bildu nahi?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina