2019-11-24

Hezitzaileon ardura da sare sozialetako emakumeenganako ziberindarkeriak lantzea ere bai.

Hezkuntza eremuan gaudenok jakin badakigu Azaroaren 25a iristen denean, emakumeen aurkako indarkeriak lantzeko unean gaudela. Konpetentzia digitalari genero-ikuspegia ematen saiatzen gara txoko honetan, beraz ekin diezaiogun gaiari!

Internet eta, bereziki, sare sozialak gazteentzat bizi-eremu bihurtu dira. Gailuen bitartez
Iturria: stockvault.
etengabe konektatuta egoteko aukerak pertsonen arteko harremanak, lan egiteko eta ikasteko moduak eraldatu ditu.
Izan ere, IKT (Informazio+Komunikazio Teknologiak) kontzeptua atzeratuta geratu eta HIKT (Harreman+Informazio+Komunikazio Teknologiak) aldarrikatzen aritu izan diren adituak daude.

Aditu horietako bat den Carmen Ruiz Repulloren hitzetan HIKT horietako alderdi bat sare sozialetan gauzatu egiten dela eremu birtualetan nerabe/gazteen artean gertatzen diren genero-indarkeriak aztertzen dituen argitalpenean. Izan ere, komunitate birtual hauek pertsonen arteko kontaktuak sustatzea dute xede eta harreman-eremu bezala sortu dena, sozializazio eta subjektibazio gune ere bihurtu da, bereziki gazteen artean sareek hartu duten protagonismoa kontuan izanik. Mugikorrek prozesu honetan duten garrantzia ikusita, dagoeneko “teknologia afektiboa” direla defendatzen du Repullok, sentimendu eta emozioen adierazpena, esperientzia eta komunikazioa baldintzatzen dutelako.

Beste aditu batek, Ianire Estébanezek hainbat gako ematen ditu fenomeno hau kokatzeko sare sozialetan neska gazteen aurkako ziberbiolentziak aztertzen dituen gidan:
  • Sare sozialak indarkeria zein ahalduntze guneak dira.
  • Online bizitzan gertatzen denak badu zerikusi handia offline bizitzan gertatzen denarekin.
  • Sareak arazo sozialen ispilu dira eta “ziber” dena tresna da, ez indarkeriaren kausa.
  • Indarkeriak zuzenean ikusteak, hauei erantzun publikoak eta agerikoak emateko aukerak sortzen ditu.

Esti Linaresek bere tesian ondorioztatu du jendartean dagoen matxismoa errepikatu egiten
Iturria: stockvault.
dela teknologia digitaletan: bideo joko, youtuber eta sare sozialek sexismoa islatzen dute, batez ere nerabeen artean barneraturik dituzten jarrerak eta estereotipoak erakutsiz. Eta horrekin batera oso diskurtso eraldatzaile eta alternatiboak badaudela ere bai.

Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean (2019) buruturiko ikerketaren ondorio nagusien arteko bat helduen eta gazteen artean dagoen arrail digitala dago. Ikerketaren arduradunen iritziz, batzuek eta besteok oso era ezberdinean ulertzen dugu munduan egoteko modua eta oso garrantzitsua da helduok gure errealitate propioa deseraikitzea, sare sozialen leihoetatik sartzea indarkeria sexisten identifikazio eta prebentzioan nerabeei lagundu ahal izateko.


Aurreko guztia irakurrita, zeren zain gaude hezitzaileok gaiarekin buru-belarri hasteko? Teknoeszeptizismo eta teknooptimismoaren artean kokaturik, estrategia moduan sare sozialak ezagutu behar ditugu eta beraien erabileran konpetenteak izatera iritsi.