2017-10-29

Autodeterminatu interdependenteak online ikaskuntzan (zein presentzialean).

Berezitasunak alde batera utzita, eremu birtualean presentzialaren isla topatu dezakegu. Gauden mundu hiperkonektatuan gaudela, bistan dago, e-learning, b-learning, m-learning eta abar gehiagora doazela eta horrekin batera prestakuntza formal, ez formal eta informalerako aukerak aunitz aberasten ari zaizkigula.



Eta oraingoan ere, aukera ederrak parez pare ikaskuntza isolatu eta bakarkakoak gainditzeko. Rakel Gamitok (UEU irakaslea) aipatu bezala, gure NIA (PLE) edo Norbere Ikas Alorra burutan hartzean, ikuspegi teknozentrista gainditu eta PERTSONAK ere bistaratzea funtsezko kontua da.

 Amaia Perez Orozco, ekonomilari feministak dioen gisa:
"... bizitza interdependentea da, nahi ala ez... Bizitzeko oinarrizko baldintzak behar dira, bizitza zaurgarria da. Beraz, bizitzeko modu bakarra pertsona batzuk beste batzuekin bizitzea da, elkarrekin, horregatik diogu elkarren menpekotasuna dugula. Eta ez dadila gaizki ulertu, kontua ez da indibidualismoaren ideala apurtzea interdependentzia eraikitzeko, baizik eta indibidualismoaren ideala apurtu behar dugu, hain zuzen, jarrera horrek ukatu egiten duelako interdependentzia daukagula
Aurreko guztia kontuan hartzeaz gain, bere ustez guztiok norberaren autonomia garatzeak sekulako garrantzia du patriarkalak diren indibidualismoa eta buru askitasuna gainditzeko. 

Izan ere, Castañeda eta Adell adituen aburuz: 
"Ikasten ikasteko konpetentzia sustatzen duten autodeterminaturiko ikasketa (selfdetermined) eta bukle bikoitzekoa (double-loop learning) bizitzan zehar ikasten diharduen edonork lortu beharreko helmugak dira, baita helduak ez direnentzako diseinatzen diren proposamen didaktikoetan kontuan hartzekoak ere."
Horregatik, online ikaskuntzan ere, 
elkarrekin eta norbere buruaren jabe! 
Transizio garaiak. 
Bidean gaude.


2017-10-11

Konpetentzia Digitala curriculumean. Bai? Ez?

Konpetentzia Digitala dela eta hainbat hausnarketatxo egiten ari gara blog honetan.

Gaurkoan Euskadiko curriculum berriak dioena aztertuko dugu, oinarrizko zehar konpetentzietan zentratuta gainera, guztion zeregin bihurtzen diren konpetentziak.

Eta ondorio gisa aurreratu dezakegu Konpetentzia Digitala garatzea ez dela dagoeneko borondatezko kontua.

 

2017-10-05

Konpetentzia Digitalak ere genero-ikuspegia behar.

Duela gutxiko post batean Konpetentzia Digitala zer den aipatzean, neurri haundi batean denek ontzat emango genukeen marko orokorra bildu genuen. 

Arront epe laburrean Internet, IKT eta gailu digitalek gure egunerokotasuna irauli dute. Hezkuntzan, gaur egun, bizitza on bat eraikitzeko hezteak Konpetentzia Digitala garatzea eskatzen du, hortik ere bideratuko baitira gero eta gehiago eremu akademiko-profesionala, harremanak eta eremu pertsonala. 

HEZIBERRIK Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan  hauxe dio: 
"Oinarrizko hezkuntza amaitzen duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa eduki behar du, hau da, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetizazio edo trebakuntza funtzional osoa."

Zertarako hezi nahi dugu, dagoena erreproduzitzeko edo eraldatzeko? galdera interesgarria luzatzen zuten EHUko irakasleak diren Luxan, Imaz eta Gonzalezek (Berria, 2015). Uste dugu oraindik ibilbide luzea egiteke dugula errealitatean jendarte bidezko eta demokratikoagoa lortzeko? Orduan, hauxe hurrengo galdera: zer sustatu beharko luke hezkuntzak hori guztia egiteko? Are gehiago, ze ondorio ekarriko lituzke ikuspegi honek Konpetentzia Digitala lantzeko eran? 

Remedios Zafra IKT, kultura digitala eta generoan aditua denaren ustez, hezkuntzaren ardatz nagusia pertsonen garapen subjektiboa sustatzean datza. Bere proposamen hezitzailea Rosa Luxemburgoren pentsamenduaren gainean eraikitzen du:  
“Sozialki berdinak, jendelegez ezberdinak eta erabat libre garen munduaren alde”.

Zafrarentzat, Internet XX. mendeko bukaeran gertatu zen iraultzarik handiena izan da,baita feminismoa gizadiarentzat ere: emakumeak, Internet egiteke, eraikitzeke lekugisa erabiliz, ziberfeminismoetatik aktibismora iritsiz, gauzak era berri eta anitzetan, - lehen ez bezala-, kontatzen, proposatzen, egiten ari dira eta ikusiarazi egin behar dira. 

Genero-ikuspegia txertatzen ez bada, hau guztia ez da bere gisa etorriko eremu digitaletan zein Konpetentzia Digitalaren garapenean. Izan ere, ikerketek ondorioztatzen dute hori ere genero-estereotipoek baldintzatzen dutela.