2019-06-27

Hezkidetzan Esku Hartzen 5. edizioa martxan! Hezkidetzaren alde bildu nahi?


Ilusio handiz ari gara buru-belarri Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 5. edizioaren antolaketa lanetan. Zein azkar pasatzen diren urteak!!!!


Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara gustura azkeneko 4 ikasturteetan.
Dagoeneko 5- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!






2019-06-05

[10 minututan], ez galtzeko moduko PODCASTak!

Maite Goñi da 10 minututan Podcast programaren gidaria.( ikus ZuZeu euskarazko  orainkariaAukera paregabea modu erraz batean zein diren teknologia digitalaren azken joerak ezagutzeko baita nola aberastu  ikas-irakaskuntza prozesuak ere, bide batez Konpetentzia Digitala garatuz. Gainera, gai bakoitzaren inguruko estekak eta erreferentziak ageri dira.
Oso aproposa Konpetentzia Digitalarekin zerikusia duen gai bakoitzari sarrera emateko, irakasle, familia eta ikasleei pasatzeko, norberak bere kontu ikasteko, podcasten munduan murgiltzeko ...

#EzGaltzekoModukoa!!!!!
Hezitzaileontzat (eta ez hezitzaileentzat)  


2019-06-01

Noizko betaurreko moreak offline zein online?

Gaur8n gero hurbilago ditugun robot-lagunak eta generoak horietan duen zerikusia aztertzen duen argitalpena irakurri dut gaur bertan UPV/EHUko Informatikako irakasleak eta ikertzaileak diren Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkanoren eskutik: 
"Poliki-poliki plazaratzen ari diren robot-lagunak gehienbat zaintza eta zerbitzari funtzioetarako eraikitzen dira. Egungo jendartean rol horiek oraindik emakumezkoen ardura izan ohi dira eta horrek badu eragina roboten diseinuan! Robot mardul eta indartsuak gizon generoarekin lotzeko “ohitura” dago... Garbiketa, etxeko lanak edo zerbitzari lanak arintzeko diseinatzen diren robotak, aldiz, emakume kutsuarekin irudikatu genituen robotekin amesten genuenean eta emakume itxurakoak dira gaur egun ere. Ahotsari erreparatzen badiogu ere, robot-lagun horiek emakume ahotsa dute, ahots zerbitzariekin gertatu ohi den moduan."
Ederki ondorioztatzen dute robotek egin behar dutena egiteko, hurbiltasuna eta emozioak adierazteko, generoa erreproduzitzea ez dela ezinbertzeko kontua. Eta baita adibide aproposa eman ere!


Honen kontzientza duten emakumeak robotikaren garapen eremuetan egotea erronka ederra begi-bistan patriarkatuak offline hedatzen duen sexismoa online ez erreproduzitzeko!

Gogora ekarri dit Lorena Fernándezek GSuite Hezkuntzan 2018 topaketan egin zuen aurkezpena. Bertan adibideekin adierazi zuen algoritmoetan eta Adimen Artifizialaren garapenean ere sexu-genero estereotipoek sekulako eragina dutela. Izan ere, egungo teknologiaren atzean batez ere gizon zuri eta heterosexualak egoteak eragin handia du eta. Inspirasteam proiektuarekin neskak eremu hauetatik aldendu ez daitezen sustatzen dabil buru-belarri. Hemen duzue bideoa (gazt.)


Azken egun hauetan, tamalez, pil-pilean dugu gure inguruan sexismoa-teknologia digitalen erabilera arduragabea-maitasun erromantikoa-elkarbizitza ez onuragarria nahasten dituen istorioa.
Argia astekarian  Jon Tornerren Whatsappez zabaldutako bideoak: Matxismoaren sua nola itzali? artikuluak biral bihurtu den poxpoluen irudi adierazgarria erakusten du:
"Ez su gehiago eman. Ez partekatu, eta bidali dizunari egindakoa aurpegiratu. Egin beharrekoen artean gehituko nituzke: biktimari babesa eskaini eta, dagokionean, salatu."

Noizko jantziko ditugu jendarte gisa feminismo eta hezkidetzaren betaurreko moreak 
offline zein online elkarbizitza positiboa eraikitzeko?
Horren alde indarrak bildu nahi?