2020-04-16

Konfinamendu fisiko masibotik sareetara salto jendetsua! Zer moduz, hezitzaile?

Egun batetik bestera, guztion erresilientzia gorpuztua. Egunerokotasuna iraulia.  Eta gure bizi-eremu fisiko eta birtualaren arteko loturak (eta hausturak) inoiz baino garbiago agerian. Hezkuntza-eremuan lehendabiziko erronka ere, bideratua: gure ikastetxe fisikotik birtualera salto!  Gure inguruan Komunikazioa eta Hezkuntza Ingurune Birtualetan aditua den Amaia Arroyok ederki adierazi du zenbat ahalegin eta nolako konpromiso maila erakusten ari garen bazter guztietan (aupa gu!) baita aurrera egiteko #EzGaltzekoModuko gomendioak luzatu ere. 
Arrakala digitala aipatu izan da maiz egun hauetan. Ekimen ugari konexioa errazteko eta ekipo informatiko zein gailuak eskura jartzeko, azken finean, talde-kohesioa bermatu eta ikasleak gurekin biltzeko.  Hala ere, zalantzaz gainezka: ikasturtea nola bukatu, zer landu, zein izango dira ebaluazio (kalifikazio?) eskakizunak eta abar. Horrekin bakarrik nahiko buruhauste, ezta?

Badugu parez-pare beste erronka garrantzitsu bat: gure (elkar)bizitza digitalaren alderdi oro sustatu eta kudeatzeko prest? Kognitibo-akademikoarekin batera sozio-emozionalak? Zuzenekoan bezala, berebiziko garrantzia izango baitute klase digitaletan ere bai. Elkarren arteko komunikazioa, feedbackaren kalitateak zerikusi handia izango du honetan. Zer gertatzen ari da genero-arrakala digitalarekin? Ezer ez egitea, egitea denez, hezitzaileok ezer egin ezean, hizkuntza ez inklusiboa eta parte hartze ez parekideak erreproduzitzen jarraitzeko arriskuaz gain, indarkeria matxistak aipatu ez eta ikasleak ahalduntzeko aukerak galtzekoa dago.  Oraingoan ere, netiketek bestelako harreman markoak erakusten dizkigute.
Ahots ezberdinak agerian uzten ari dira krisi honi genero-ikuspegiarekin begiratu beharra dagoela analisia kokatuagoa izan dadin. Zer gertatuko litzateke hezkuntza- eta bizi-eremu digitaletan ere begirada hori txertatuko bagenu? Zer gertatzen ari ote da? 30 egun pasa ditugu COVID-19 goiti eta beheiti eta urrutiko hezkuntzara (zenbatetan elearning?) salto masiboa egin eta gero, gure egunerokotasuna dagoeneko ez da berdina izango. Ea sexismo eta desberdinkeria digital ororekiko jarrera kritikoa ere kontzienteagoa den konfinamendu garaitik aurrera!

[M4ko eguneraketa] Eskola-jazarpenaren kontrako eguna dela eta, hasi dira agertzen hainbat datuBerrogeialdian, eskola jazarpenak % 10eko hazkundea izan du.