Aipuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aipuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021-03-16

Remedios Zafra: hutsuneen eta hitzen garrantzia emakumeen presentzian.

Remedios Zafrak 2020ko Feministaldian eginiko aurkezpenan #EzGaltzekoModuko ekarpenak egin zizkigun. Horien artean ahizparekin batera haurtzaroan bizitako anekdota adierazgarria kontatu zuen. Irakurtzen zituztenen artean emakumeen hutsunea nabaritu zuten. Elkarri galdetzen zioten: zergatik ez dago emakumerik teknologia-bilduma honetan? Eta falta zituzten aleetan egongo zirela pentsatu zuten.


Zafrak hitzaren garrantzia azaldu zuen eta, adibide gisa, aipatu zuen gure inguru hurbileko gertaera hau: arautegi aldaketa baten ondorioz, UPV/EHUko Informatika Lizentziatura Ingenieritza bezala deitua izatera pasa zen. Ikasketa-plana eta programazio berdina, irakasle berdinak baina emakumezkoen matrikulazioa 60tik %17ra jaitsi zen.


Hona hemen Remedios Zafra solasean ikusteko esteka!

  #Kutsatu Hitzaldiak 

(bideora joan)

2020-10-26

Eskola hiztun proaktibo [digital eta parekide] bila!

Miroodles

Gaur #EzGaltzekoModuko bi ekarpen iritsi zaizkit txiolandiatik nere leiho digitalera.😀 

Batetik, Gorka Juliok hezkuntzan multinazional teknologiko haundien saiakerei aurre egiteko apustu sendo bat proposatu digu: elkarlan erradikalerako apustu bat, software libreko tresnak eta lizentzia libreetan oinarritutako materialak sortu eta partekatzera bideratua, eta eskola publiko, komunitario eta kontzertatuak lotuko dituena. (Berria)

Bertzetik, Eskola Hiztun Bila 24. jardunaldietan Iratxe Retolazak eginiko hitzaldia (16:30 minututik 1:32:30 arte). Argi eta garbi deskribatu du hezkuntza arautuan bizitzen ari garen egungo egoera euskal kulturaren transmisio zein euskarazko komunikazio gaitasunaren inguruan. Hezkidetza planekin parekatuz, aldarrikatu egin du Heziberri 2020-curriculuma jarraiki, kultura ere zehar lerro gisa sustatzea, sareak eta egiturak elikatuz, euskal kultura planak sustatuz. Gainera, kultura eta dauden baliabideak  ikasleen eskura jartzeren garrantziaz hitz egin du ere bai. Nabarmenduko nuke amaieran bota duen gakoa: jende aunitz ari gara han-hemenka ahaleginak egiten eta egina dagoena zein sortzen ari garena elkarri jakinaraztea funtsezkoa da.

Burujabetza teknologikoa+euskal kultura eta komunikazioa+hezkidetzaren aldeko indar guztiak bildu eta batera landuz gero, hezkuntza formalean dauden zeharlerro nagusiak ukitzen arituko ginatekeela iduritzen zait. Bidean, hezitzaileon jarrera proaktiboaz gain, Hezkuntza Sailaren posizionamendu eta elkarlan sendoa beharko dugu. Badugu zer landu ikas-irakaskuntza prozesuetan ikasleekin! Sobera pentsatu gabe:
  • Euskaraz dauden eremu eta inguru digitalen aldeko apustu garbia.
  • Euskaraz egon eta askeak diren software zein material digitalak lehenetsi.
  • Konpetentzia digital hezkidetzailea zehaztu eta sustatu.
  • Euskal kultura, era anitz eta inklusiboan ulertuta, ikasleentzat eskuragarri jarri.
  • Ahozko eta ez ahozko komunikazio inklusibo, ez sexista sustatu online zein offline.
  • Hezitzaileon (eta erakundeen) artean konplizitate sareetan jardun.
  • ...


2020-04-16

Konfinamendu fisiko masibotik sareetara salto jendetsua! Zer moduz, hezitzaile?

Egun batetik bestera, guztion erresilientzia gorpuztua. Egunerokotasuna iraulia.  Eta gure bizi-eremu fisiko eta birtualaren arteko loturak (eta hausturak) inoiz baino garbiago agerian. Hezkuntza-eremuan lehendabiziko erronka ere, bideratua: gure ikastetxe fisikotik birtualera salto!  Gure inguruan Komunikazioa eta Hezkuntza Ingurune Birtualetan aditua den Amaia Arroyok ederki adierazi du zenbat ahalegin eta nolako konpromiso maila erakusten ari garen bazter guztietan (aupa gu!) baita aurrera egiteko #EzGaltzekoModuko gomendioak luzatu ere. 
Arrakala digitala aipatu izan da maiz egun hauetan. Ekimen ugari konexioa errazteko eta ekipo informatiko zein gailuak eskura jartzeko, azken finean, talde-kohesioa bermatu eta ikasleak gurekin biltzeko.  Hala ere, zalantzaz gainezka: ikasturtea nola bukatu, zer landu, zein izango dira ebaluazio (kalifikazio?) eskakizunak eta abar. Horrekin bakarrik nahiko buruhauste, ezta?

Badugu parez-pare beste erronka garrantzitsu bat: gure (elkar)bizitza digitalaren alderdi oro sustatu eta kudeatzeko prest? Kognitibo-akademikoarekin batera sozio-emozionalak? Zuzenekoan bezala, berebiziko garrantzia izango baitute klase digitaletan ere bai. Elkarren arteko komunikazioa, feedbackaren kalitateak zerikusi handia izango du honetan. Zer gertatzen ari da genero-arrakala digitalarekin? Ezer ez egitea, egitea denez, hezitzaileok ezer egin ezean, hizkuntza ez inklusiboa eta parte hartze ez parekideak erreproduzitzen jarraitzeko arriskuaz gain, indarkeria matxistak aipatu ez eta ikasleak ahalduntzeko aukerak galtzekoa dago.  Oraingoan ere, netiketek bestelako harreman markoak erakusten dizkigute.
Ahots ezberdinak agerian uzten ari dira krisi honi genero-ikuspegiarekin begiratu beharra dagoela analisia kokatuagoa izan dadin. Zer gertatuko litzateke hezkuntza- eta bizi-eremu digitaletan ere begirada hori txertatuko bagenu? Zer gertatzen ari ote da? 30 egun pasa ditugu COVID-19 goiti eta beheiti eta urrutiko hezkuntzara (zenbatetan elearning?) salto masiboa egin eta gero, gure egunerokotasuna dagoeneko ez da berdina izango. Ea sexismo eta desberdinkeria digital ororekiko jarrera kritikoa ere kontzienteagoa den konfinamendu garaitik aurrera!

[M4ko eguneraketa] Eskola-jazarpenaren kontrako eguna dela eta, hasi dira agertzen hainbat datuBerrogeialdian, eskola jazarpenak % 10eko hazkundea izan du.


2019-06-01

Noizko betaurreko moreak offline zein online?

Gaur8n gero hurbilago ditugun robot-lagunak eta generoak horietan duen zerikusia aztertzen duen argitalpena irakurri dut gaur bertan UPV/EHUko Informatikako irakasleak eta ikertzaileak diren Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkanoren eskutik: 
"Poliki-poliki plazaratzen ari diren robot-lagunak gehienbat zaintza eta zerbitzari funtzioetarako eraikitzen dira. Egungo jendartean rol horiek oraindik emakumezkoen ardura izan ohi dira eta horrek badu eragina roboten diseinuan! Robot mardul eta indartsuak gizon generoarekin lotzeko “ohitura” dago... Garbiketa, etxeko lanak edo zerbitzari lanak arintzeko diseinatzen diren robotak, aldiz, emakume kutsuarekin irudikatu genituen robotekin amesten genuenean eta emakume itxurakoak dira gaur egun ere. Ahotsari erreparatzen badiogu ere, robot-lagun horiek emakume ahotsa dute, ahots zerbitzariekin gertatu ohi den moduan."
Ederki ondorioztatzen dute robotek egin behar dutena egiteko, hurbiltasuna eta emozioak adierazteko, generoa erreproduzitzea ez dela ezinbertzeko kontua. Eta baita adibide aproposa eman ere!


Honen kontzientza duten emakumeak robotikaren garapen eremuetan egotea erronka ederra begi-bistan patriarkatuak offline hedatzen duen sexismoa online ez erreproduzitzeko!

Gogora ekarri dit Lorena Fernándezek GSuite Hezkuntzan 2018 topaketan egin zuen aurkezpena. Bertan adibideekin adierazi zuen algoritmoetan eta Adimen Artifizialaren garapenean ere sexu-genero estereotipoek sekulako eragina dutela. Izan ere, egungo teknologiaren atzean batez ere gizon zuri eta heterosexualak egoteak eragin handia du eta. Inspirasteam proiektuarekin neskak eremu hauetatik aldendu ez daitezen sustatzen dabil buru-belarri. Hemen duzue bideoa (gazt.)


Azken egun hauetan, tamalez, pil-pilean dugu gure inguruan sexismoa-teknologia digitalen erabilera arduragabea-maitasun erromantikoa-elkarbizitza ez onuragarria nahasten dituen istorioa.
Argia astekarian  Jon Tornerren Whatsappez zabaldutako bideoak: Matxismoaren sua nola itzali? artikuluak biral bihurtu den poxpoluen irudi adierazgarria erakusten du:
"Ez su gehiago eman. Ez partekatu, eta bidali dizunari egindakoa aurpegiratu. Egin beharrekoen artean gehituko nituzke: biktimari babesa eskaini eta, dagokionean, salatu."

Noizko jantziko ditugu jendarte gisa feminismo eta hezkidetzaren betaurreko moreak 
offline zein online elkarbizitza positiboa eraikitzeko?
Horren alde indarrak bildu nahi?

2019-04-29

Euskara, jalgi hadi Internetera!

Teknologia digitala gure inguruan omnipresente izatera iritsi geroztik, hezitzaileok erronka handiak ditugu begi-bistan, horietako bat bertan gure hizkuntzaren erabilpena eta presentzia sustatzea

Berriki, euskara irakasle gisa ibilbide luzekoa den Abel Camachok hala zioen:
Berria egunkaria

2014ean Kike Amonarrizek jakinarazi zigun orduko hartan Wikipedian euskara 35. lekuan zegoela eta Twitterren hizkuntza gutxituen artean gehien erabilia zela. "Urak eginen du bide" atsotiz zaharra aitzaki hartuta,  2014 geroztik sarean euskarak bideak egin ditu ezta? 

Aste honetan Elhuyarreko ingeniaritza linguistikoko taldeak Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen erradiografia bat aurkeztu du eta emaitzak ez dira onak... soilik %10 dira euskaraz


Wikipedian, aldiz, berri hobeak: euskarazkoa 29. postura igo da (300 hizkuntza inguru daude).
Euskarazko Wikipediaren kokapena.

Hala ere, kezkatzekoa da wikilari lanetan aktiboki ari direnak ez direla inondik inora ere euskaldun hiztunek osatzen duten komunitatearen pareko: milioi hiztuneko 250 editore inguru. Eta beste Wikipedietan gertatzen den bezala, emakumeen presentzia artikuluetan zein editoreen artean %20 ingurukoa.


Iturria: Wikimedia estatistikak

Euskara sustatzeko adosturiko 
herri aginteentzako 12 gomendioak aurkeztu zituzten 2016an Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendariak, Maite GoñikAurrerapauso handiak eta nabarmenak egin badira ere, oraindik euskarak bide luzea baitu egiteke.

2017an Interneten ere, lehen hitza euskaraz kanpaina abian jarri zen nabigatzaile eta gailu mugikor guztiak euskaraz konfiguratu eta webguneetan euskara lehenesteko. Eta 2018an UEMA eta PUNTUEUSek Interneten euskara indartzeko hitzarmena sinatu zuten.

Bestalde, oso adierazgarriak dira Interneten erabilera-datuak; Eustaten 2018ko datuen arabera dagoeneko EAEn Internet erabiltzen duten 15 urtetik gorako pertsonak 1.461.600 dira. 

2019an Gazteen Euskal Behatokiak egindako gazteen egoeraren diagnostikoaren arabera ia-ia gazte guztiek egunero erabiltzen dituzte sare sozialak eta teknologia digitalaren erabilerak gora egin arren, orokorrean euskararen lagunarteko erabilerak behera egin du.

Honen guztiaren harira, eta hezitzaile gisa, galdera hauek etorri zaizkit gogora: 

  • Zer gertatuko zen Elhuyarrek Twitterren bezala Instagramen ikerketa eginez gero? (Hezitzaileok hor topatuko genituzke gaztetxo gehienak!)
  • Noizko areagotu hezitzaileok estrategikoki interneten eta sare sozialetan dugun presentzia pedagogikoa eta euskaraz, gainera?
  • Noizko Euskaraldia Digitala?
Kontrapas bertso zaharra guztion izatearen parte bihurtu zuen Xabier Letek  kantu bihurtzean. Haren hitzak moldatuz, honen alde egiteko prest?

2019-01-03

Hezkuntzan (ziber)autodefentsa feminista ere bai!

Urte berri, bizi berri? Ba, indarkeria matxista kontuetan zoritxarrez ez!

Gaurko eguna hasi bezain fite Berrian irakurritako azkenak ez dira batere onak: Sanferminetako erasotzaileak ez espetxeratzea erabaki du Nafarroako Auzitegiak epaia irmoa izan arte (>:/) eta Estibaliz Linares ikertzailearen hitzetan "Gazteen artean aukera berdintasunaren aldeko diskurtsoa topatu arren, estereotipoak oso errotuta dauzkate. Aplikazio eta sare sozialek nesken aurkako sexu jazarpena indartu dute."

Hezitzaile gisa, hezkidetzazale gisa, IKT dinamizatzaile gisa, aspalditik kezkatzen nauen kontua da hau. Mundua irauli duten internet eta teknologia digitalek gure bizitza arlo guztietan hobetzeko balizko bideak sortu badituzte ere, jendarte berdinzalea eraikitzeko bidean (eta bertze alderdi aunitzetan ezta ere, baina hori bertze egun baterako utziko dugu) nik uste baliabideak, eszenario berriak ez garela behar bezala aprobetxatzen ari eta inguru presentzialean ohikoa dugun indarkeria erreproduzitzen ari dela inguru digital eta birtualetan. 

Gure inguru hurbilean, Garazi Urdangarinek 2015ean ildo horretatik bideratu zuen bere MALa Gipuzkoako nerabeekin egindako ikerketa lanean sare sozialetan ematen zen nesken gauza-bihurtzea (cosificación) aztertuz.

Berriki, Ianire Estebanez adituak argitaratu du gida didaktiko interesgarri bat:  #yonocompartoviolencia La ciberviolencia hacia las adolescentes en las redes sociales. (Junta de Andalucía) 

2018ko azaroan DVn egin zioten elkarrizketa batean, Estebanezek sareetan egoteko eta eredu positiboak eta kritikoak hedatzeko deia egiten zuen. Hezkuntzaren ardura zuzena da indarkeria mota oro deseraikitzen eta elkarbizitza positiborako bideak jorratzen jardutea modu sistematikoan. Eta horregatik, emakumeenganako indarkeriari dagokionez, hezkuntza eragileon ardura da neska guztientzako autodefentsa feministarako prestakuntza bermatzea ere. Bai zuzenenekoan, bai interneten edo sare sozialetan. Izan ere, konpetentzia digitala gure egungo ikasleen alfabetizazioan ezinbestekoa izango baita epe labur, ertain eta luzean bizi ona eraikitzeko orduan. 

Lortuko dugu? Noizko? Nor dago euskaraz halakoetan lanean aritzeko gogoz? Ni prest! 

Akitzeko, Nerea Barjola adituaren mezua:


2018-01-20

Guztiok ziborg-ak? (Jendea, makinak eta kontraesanak.)

Amber Case ziborg-antropologaria entzuten hasi orduko buru barnean bor-bor hasten dira ideiak, usteak eta iritziak:


Gogora ekarri dizkit Coral Herrerak berriki Pikaran argitaraturiko "Emakume gorra eta cyborg-a" testigantza hunkigarria eta Gorka Juliok gai honen inguruan idatzitako Ziborg-ak gara sarrera. Bertan Neil Harbissonen, -munduak ziborg bezala kontsideratutako lehen pertsona-, biografia gogoratzen du. Baita Donna Harawayk bere Ziborg Manifestua-n egiten duen proposamena: ziborg-ek ekarri digute genero eta gorputzaren arteko mugen malgutasuna: ez humano ez makina, ez gizon ez emakume. 


Bertze muturrean Dolors Reigek dioen moduan, oraindik hiritartasun eskubideak denentzat bermatzen ez dituen munduan robotak hiritar izendatuak... Eta gainera genero-ikuspegia sartuz gero, berriro sexu-genero estereotipo sexistak pil-pilean...

Zalantzarik gabe, nik Haraway eta Amber Case nahiago!

Iturria: Telos 


2017-09-13

Teknologia eta bihotza juntu Konpetentzia Digitala garatzeko

Iturria: ZIENTZIA KAIERA

Jane Goodallen hitzek ederki kokatzen gaituzte ikasturte hasieran  gailu digital, metodologia berri eta konpetentzia bidezko irakaskuntzan murgilduta gauden hezitzaileon esku hartze markoa. 

Konpetentzia digitala ikasleak hiritar aktibo izateko funtsezko prestakuntza bihurtu da. 

Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumak  (14. orr.) aipatzen du ikasleek konpetentzia digital eta mediatikoa eskuratu behar dituzte, alfabetatze edo gaikuntza funtzional osoa bermatzeko”. Baliabideen erabilera etikoa eta arduratsua ere aipatzen du, besteak beste, kontuan hartuz pertsonen intimitatea, norberaren irudia eta sexu-joera eta -nortasuna, eta aurre eginez sexismoari eta arrazakeriari.

Garbi dago bidea: teknologia, gailu eta eremu digitalen balizko aukerez baliatu eta norbera zein gainerakoen ongizate eta beharren zerbitzura jarri. Hots, gure bizitza hobetu (maila pertsonalean, sozialean, akademiko-profesionalean) eta jendarte onuragarria eraikitzeko horiek erabiltzen konpetente izateko bidean aurrera egin.