2017-08-30

IKTak zertarako? TIC-TAC-TEP prozesua

Dolors Reig adituak TIC TAC TEP (IKT-IET-APT) bidea proposatzen digu: hasteko erabiltzaileek teknologia digitalak erabili informazioa eskuratzeko eta komunikatzeko, gero ikasketa eta ezagutza garatzeko eta azkenik jendartearen eraikuntzan ahalduntzeko eta partaidetzarako konpetente izateko.

Ikuspegi honek argi eta garbi "katxarreoaren" eredua (gailu digitalak maneiatzen jakite soila sustatzea) gainditzen du, ezta?

2017-08-23

Ezinbesteko tresna digitalen biltegi-eredu bat. (NIA-PLE)

Aurreko post batean NIA (Norbere Ikas-Alorra) agertzen zen, hau da, norberak erabiltzen dituen tresna, zerbitzu eta konexioen multzoa.


Iazko ikasturtean "IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan" EHU-UEU graduondokoan NIAren inguruan ari ginelarik, ataza batean nirea sortzeko astia hartu nuen. 

Hauek dira une honetan eremu birtualean gehien erabiltzen ditudan tresna digitalak. Ikusita zer nolako abiadura daraman guztiak, nire NIA bizirik dago, etengabe berritzen eta une bakoitzeko beharretara egokitzen. 


Eta zuk? Zein erabiltzen dituzu? Eta non biltzen dituzu? Partekatzeko prest?

2017-08-16

Hezkuntzarako Baliabide Irekiak. (REA) Partekatuz irabazi!

Iturria: Pixabay
Lo egiterakoan bizitzan zehar amets batzuk errepikatzen diren bezalaxe, -niri pare bat bederen bai-, ikasturteak joan, ikasturteak etorri, hezitzaile gisa nire barnean behin eta berriz suertatutako bizipen batekin natorkizue gaurkoan.

Noizbait sentitu duzue egiten, sortzen edo pentsatzen ari zineten lana bera edo antzekoa hezitzaile batek baino gehiagok han-hemenka egin behar edo dagoeneko egina izango zuela? Eta ez zela logikoa denak bakarka aritzea? Eta sortu eta baliozkotu ditugun zenbat baliabide beste batzuekin libreki non konpartitu jakinez gero, haiek hobetu edo gutxienez etekin gehiago ateratzeko aukerak izango zituztela? Eta nonbait libreki eskura izanez gero guk geuk ere besteen lanaz baliatzea posible izango zela? Eta honek sekulako balio pedagogiko erreala izango lukeela? Eta berdinen artean egiten ditugun saiakera eta ahaleginak horrela optimizatuko genituzkeela?

J. Mello CC-BY
UNESCOk garbi du HBIak, -Hezkuntzarako Baliabide Irekiak- (REA gazt.) besteak beste "aukera estrategiko paregabea direla hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, ezagutzak partekatzeko eta konpetentziak hobetzeko. 

Eta horretan hainbat proposamen daude:


Bertan euskaraz daudenak hemen.

Hala eta guztiz ere, Interneten faltan somatzen jarraitzen dut euskaraz ari garenondako guk geuk bertatik kudeaturiko Hezkuntzarako Baliabide Irekien biltegi euskaldun dinamiko eta interaktiboa

Gaur egun eskura ditugun tresna digitalak ikusita, hauxe izan liteke epe laburrera euskal hezitzaileon erronka digital betegarri bat. Zer deritzozue?

Animatuko zinatekete? 


Bitartean, nonbaitetik hasteko Twitterren #KDigitala eta #KDbidean traolak erabilgarri!

Sareetan gaude!

2017-08-07

Hiperkonektatuta gaudela? Zer diote datuek?


Noraino sartu dira gailu digitalak eta Internet gure egunerokotasunean? Eta zein izango da honen eragina hezitzaileontzat? Hona hemen EUSTATen txostenak (2015) erakutsi zituen zenbait emaitza infografia batean bilduta: 

Informazioaren gizartea euskadin  Mj Ip bidez

Datuak ikusita, argi dago eremu presentziala bezain garrantzitsua bilakatzen ari dela birtuala. On-line eta in situkoen arteko mugak gero eta lausoagok dira eta horrek iraultza ekarri du bizitzaren alderdi guztietara.


Eremu hezitzaileetan hiritarrak bizitza digital osasuntsurako prestatzea ere lehentasunezko gai bihurtzen ari da. Azken finean, ia erabiltzaile gehienok gailu mugikor bat (edo gehiago) izateak  ikas-paisaiak (learnscapes) sortu ditu eta m-learning bidez ikaskuntza formala eta informala gero eta nahasiagoak ageri dira: dagoeneko edonon eta edonoiz gertatu daiteke ikasketa.

Mar Camachok sarrera interesgarria egiten dio gai honi
(Conocityn argitaraturiko bideoa,gaztelaniaz):