2020-04-16

Konfinamendu fisiko masibotik sareetara salto jendetsua! Zer moduz, hezitzaile?

Egun batetik bestera, guztion erresilientzia gorpuztua. Egunerokotasuna iraulia.  Eta gure bizi-eremu fisiko eta birtualaren arteko loturak (eta hausturak) inoiz baino garbiago agerian. Hezkuntza-eremuan lehendabiziko erronka ere, bideratua: gure ikastetxe fisikotik birtualera salto!  Gure inguruan Komunikazioa eta Hezkuntza Ingurune Birtualetan aditua den Amaia Arroyok ederki adierazi du zenbat ahalegin eta nolako konpromiso maila erakusten ari garen bazter guztietan (aupa gu!) baita aurrera egiteko #EzGaltzekoModuko gomendioak luzatu ere. 
Arrakala digitala aipatu izan da maiz egun hauetan. Ekimen ugari konexioa errazteko eta ekipo informatiko zein gailuak eskura jartzeko, azken finean, talde-kohesioa bermatu eta ikasleak gurekin biltzeko.  Hala ere, zalantzaz gainezka: ikasturtea nola bukatu, zer landu, zein izango dira ebaluazio (kalifikazio?) eskakizunak eta abar. Horrekin bakarrik nahiko buruhauste, ezta?

Badugu parez-pare beste erronka garrantzitsu bat: gure (elkar)bizitza digitalaren alderdi oro sustatu eta kudeatzeko prest? Kognitibo-akademikoarekin batera sozio-emozionalak? Zuzenekoan bezala, berebiziko garrantzia izango baitute klase digitaletan ere bai. Elkarren arteko komunikazioa, feedbackaren kalitateak zerikusi handia izango du honetan. Zer gertatzen ari da genero-arrakala digitalarekin? Ezer ez egitea, egitea denez, hezitzaileok ezer egin ezean, hizkuntza ez inklusiboa eta parte hartze ez parekideak erreproduzitzen jarraitzeko arriskuaz gain, indarkeria matxistak aipatu ez eta ikasleak ahalduntzeko aukerak galtzekoa dago.  Oraingoan ere, netiketek bestelako harreman markoak erakusten dizkigute.
Ahots ezberdinak agerian uzten ari dira krisi honi genero-ikuspegiarekin begiratu beharra dagoela analisia kokatuagoa izan dadin. Zer gertatuko litzateke hezkuntza- eta bizi-eremu digitaletan ere begirada hori txertatuko bagenu? Zer gertatzen ari ote da? 30 egun pasa ditugu COVID-19 goiti eta beheiti eta urrutiko hezkuntzara (zenbatetan elearning?) salto masiboa egin eta gero, gure egunerokotasuna dagoeneko ez da berdina izango. Ea sexismo eta desberdinkeria digital ororekiko jarrera kritikoa ere kontzienteagoa den konfinamendu garaitik aurrera!

[M4ko eguneraketa] Eskola-jazarpenaren kontrako eguna dela eta, hasi dira agertzen hainbat datuBerrogeialdian, eskola jazarpenak % 10eko hazkundea izan du.


2019-12-08

Interneten garaian genero-arrakala digital (GAD) berriak eta iceberg digital matxista EAEko nerabeen artean

Aurreko postean aipatzen genuen Esti Linaresek dagoeneko argitaratu du “El iceberg digital Machista: análisis, prevención e intervención de las realidades machistas digitales entre la adolescencia en la CAE” azterlana, Emakunderen ikerlanen Lehiaketaren seigarren edizioa irabazi zuena. Linaresek ibilbide luzea du gai honen inguruan hausnartzen eta itzal luzekoa dugun gai hau gure inguru hurbilean argitzen.

Gure inguru hurbileko datuek erakusten digute dagoeneko lehen genero-arrakala digitala (Internetera iriste-maila) ez dela esanguratsua euskal gazteen artean. Ia guztiak bertan etengabe daude. Hortik aurrera adituek bestelako etenak identifikatzen hasi dira. Bigarrena erabileraren araberakoa eta hirugarrena erabilera aurreratuan dauden aldeak identifikatzen dituena. Linaresek islatu du maila horietan ere teknologien erabilerak genero-estereotipoen eskemetan oinarrituta egoteaz gain, genero-desberdinkeria sozialak eremu digitalera trasmititzen direla.

Emakunderen aldizkarian dioen moduan ikerketak egiaztatu du generoko desberdintasun sozialak eremu digitalera transmititzen direla, eta, horrela, sendotu egiten direla generoaren araberako eten digitalak teknologien trebetasunetan eta erabileran, emakumeen gorputzen hipersexualizazioa eta hipererotizazioa sarean, gizonezkoen menderatze digitala eta ziberjazarpen sexual eta/edo sexista bezalako ziberindarkeriak. Aukeren artean (ziber)feminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoa nabarmentzen ditu.

#EzGaltzekoModukoa





2019-11-24

Hezitzaileon ardura da sare sozialetako emakumeenganako ziberindarkeriak lantzea ere bai.

Hezkuntza eremuan gaudenok jakin badakigu Azaroaren 25a iristen denean, emakumeen aurkako indarkeriak lantzeko unean gaudela. Konpetentzia digitalari genero-ikuspegia ematen saiatzen gara txoko honetan, beraz ekin diezaiogun gaiari!

Internet eta, bereziki, sare sozialak gazteentzat bizi-eremu bihurtu dira. Gailuen bitartez
Iturria: stockvault.
etengabe konektatuta egoteko aukerak pertsonen arteko harremanak, lan egiteko eta ikasteko moduak eraldatu ditu.
Izan ere, IKT (Informazio+Komunikazio Teknologiak) kontzeptua atzeratuta geratu eta HIKT (Harreman+Informazio+Komunikazio Teknologiak) aldarrikatzen aritu izan diren adituak daude.

Aditu horietako bat den Carmen Ruiz Repulloren hitzetan HIKT horietako alderdi bat sare sozialetan gauzatu egiten dela eremu birtualetan nerabe/gazteen artean gertatzen diren genero-indarkeriak aztertzen dituen argitalpenean. Izan ere, komunitate birtual hauek pertsonen arteko kontaktuak sustatzea dute xede eta harreman-eremu bezala sortu dena, sozializazio eta subjektibazio gune ere bihurtu da, bereziki gazteen artean sareek hartu duten protagonismoa kontuan izanik. Mugikorrek prozesu honetan duten garrantzia ikusita, dagoeneko “teknologia afektiboa” direla defendatzen du Repullok, sentimendu eta emozioen adierazpena, esperientzia eta komunikazioa baldintzatzen dutelako.

Beste aditu batek, Ianire Estébanezek hainbat gako ematen ditu fenomeno hau kokatzeko sare sozialetan neska gazteen aurkako ziberbiolentziak aztertzen dituen gidan:
  • Sare sozialak indarkeria zein ahalduntze guneak dira.
  • Online bizitzan gertatzen denak badu zerikusi handia offline bizitzan gertatzen denarekin.
  • Sareak arazo sozialen ispilu dira eta “ziber” dena tresna da, ez indarkeriaren kausa.
  • Indarkeriak zuzenean ikusteak, hauei erantzun publikoak eta agerikoak emateko aukerak sortzen ditu.

Esti Linaresek bere tesian ondorioztatu du jendartean dagoen matxismoa errepikatu egiten
Iturria: stockvault.
dela teknologia digitaletan: bideo joko, youtuber eta sare sozialek sexismoa islatzen dute, batez ere nerabeen artean barneraturik dituzten jarrerak eta estereotipoak erakutsiz. Eta horrekin batera oso diskurtso eraldatzaile eta alternatiboak badaudela ere bai.

Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean (2019) buruturiko ikerketaren ondorio nagusien arteko bat helduen eta gazteen artean dagoen arrail digitala dago. Ikerketaren arduradunen iritziz, batzuek eta besteok oso era ezberdinean ulertzen dugu munduan egoteko modua eta oso garrantzitsua da helduok gure errealitate propioa deseraikitzea, sare sozialen leihoetatik sartzea indarkeria sexisten identifikazio eta prebentzioan nerabeei lagundu ahal izateko.


Aurreko guztia irakurrita, zeren zain gaude hezitzaileok gaiarekin buru-belarri hasteko? Teknoeszeptizismo eta teknooptimismoaren artean kokaturik, estrategia moduan sare sozialak ezagutu behar ditugu eta beraien erabileran konpetenteak izatera iritsi.


2019-06-27

Hezkidetzan Esku Hartzen 5. edizioa martxan! Hezkidetzaren alde bildu nahi?


Ilusio handiz ari gara buru-belarri Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 5. edizioaren antolaketa lanetan. Zein azkar pasatzen diren urteak!!!!


Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara gustura azkeneko 4 ikasturteetan.
Dagoeneko 5- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!






2019-06-05

[10 minututan], ez galtzeko moduko PODCASTak!

Maite Goñi da 10 minututan Podcast programaren gidaria.( ikus ZuZeu euskarazko  orainkariaAukera paregabea modu erraz batean zein diren teknologia digitalaren azken joerak ezagutzeko baita nola aberastu  ikas-irakaskuntza prozesuak ere, bide batez Konpetentzia Digitala garatuz. Gainera, gai bakoitzaren inguruko estekak eta erreferentziak ageri dira.
Oso aproposa Konpetentzia Digitalarekin zerikusia duen gai bakoitzari sarrera emateko, irakasle, familia eta ikasleei pasatzeko, norberak bere kontu ikasteko, podcasten munduan murgiltzeko ...

#EzGaltzekoModukoa!!!!!
Hezitzaileontzat (eta ez hezitzaileentzat)  


2019-06-01

Noizko betaurreko moreak offline zein online?

Gaur8n gero hurbilago ditugun robot-lagunak eta generoak horietan duen zerikusia aztertzen duen argitalpena irakurri dut gaur bertan UPV/EHUko Informatikako irakasleak eta ikertzaileak diren Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkanoren eskutik: 
"Poliki-poliki plazaratzen ari diren robot-lagunak gehienbat zaintza eta zerbitzari funtzioetarako eraikitzen dira. Egungo jendartean rol horiek oraindik emakumezkoen ardura izan ohi dira eta horrek badu eragina roboten diseinuan! Robot mardul eta indartsuak gizon generoarekin lotzeko “ohitura” dago... Garbiketa, etxeko lanak edo zerbitzari lanak arintzeko diseinatzen diren robotak, aldiz, emakume kutsuarekin irudikatu genituen robotekin amesten genuenean eta emakume itxurakoak dira gaur egun ere. Ahotsari erreparatzen badiogu ere, robot-lagun horiek emakume ahotsa dute, ahots zerbitzariekin gertatu ohi den moduan."
Ederki ondorioztatzen dute robotek egin behar dutena egiteko, hurbiltasuna eta emozioak adierazteko, generoa erreproduzitzea ez dela ezinbertzeko kontua. Eta baita adibide aproposa eman ere!


Honen kontzientza duten emakumeak robotikaren garapen eremuetan egotea erronka ederra begi-bistan patriarkatuak offline hedatzen duen sexismoa online ez erreproduzitzeko!

Gogora ekarri dit Lorena Fernándezek GSuite Hezkuntzan 2018 topaketan egin zuen aurkezpena. Bertan adibideekin adierazi zuen algoritmoetan eta Adimen Artifizialaren garapenean ere sexu-genero estereotipoek sekulako eragina dutela. Izan ere, egungo teknologiaren atzean batez ere gizon zuri eta heterosexualak egoteak eragin handia du eta. Inspirasteam proiektuarekin neskak eremu hauetatik aldendu ez daitezen sustatzen dabil buru-belarri. Hemen duzue bideoa (gazt.)


Azken egun hauetan, tamalez, pil-pilean dugu gure inguruan sexismoa-teknologia digitalen erabilera arduragabea-maitasun erromantikoa-elkarbizitza ez onuragarria nahasten dituen istorioa.
Argia astekarian  Jon Tornerren Whatsappez zabaldutako bideoak: Matxismoaren sua nola itzali? artikuluak biral bihurtu den poxpoluen irudi adierazgarria erakusten du:
"Ez su gehiago eman. Ez partekatu, eta bidali dizunari egindakoa aurpegiratu. Egin beharrekoen artean gehituko nituzke: biktimari babesa eskaini eta, dagokionean, salatu."

Noizko jantziko ditugu jendarte gisa feminismo eta hezkidetzaren betaurreko moreak 
offline zein online elkarbizitza positiboa eraikitzeko?
Horren alde indarrak bildu nahi?

2019-04-29

Euskara, jalgi hadi Internetera!

Teknologia digitala gure inguruan omnipresente izatera iritsi geroztik, hezitzaileok erronka handiak ditugu begi-bistan, horietako bat bertan gure hizkuntzaren erabilpena eta presentzia sustatzea

Berriki, euskara irakasle gisa ibilbide luzekoa den Abel Camachok hala zioen:
Berria egunkaria

2014ean Kike Amonarrizek jakinarazi zigun orduko hartan Wikipedian euskara 35. lekuan zegoela eta Twitterren hizkuntza gutxituen artean gehien erabilia zela. "Urak eginen du bide" atsotiz zaharra aitzaki hartuta,  2014 geroztik sarean euskarak bideak egin ditu ezta? 

Aste honetan Elhuyarreko ingeniaritza linguistikoko taldeak Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen erradiografia bat aurkeztu du eta emaitzak ez dira onak... soilik %10 dira euskaraz


Wikipedian, aldiz, berri hobeak: euskarazkoa 29. postura igo da (300 hizkuntza inguru daude).
Euskarazko Wikipediaren kokapena.

Hala ere, kezkatzekoa da wikilari lanetan aktiboki ari direnak ez direla inondik inora ere euskaldun hiztunek osatzen duten komunitatearen pareko: milioi hiztuneko 250 editore inguru. Eta beste Wikipedietan gertatzen den bezala, emakumeen presentzia artikuluetan zein editoreen artean %20 ingurukoa.


Iturria: Wikimedia estatistikak

Euskara sustatzeko adosturiko 
herri aginteentzako 12 gomendioak aurkeztu zituzten 2016an Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendariak, Maite GoñikAurrerapauso handiak eta nabarmenak egin badira ere, oraindik euskarak bide luzea baitu egiteke.

2017an Interneten ere, lehen hitza euskaraz kanpaina abian jarri zen nabigatzaile eta gailu mugikor guztiak euskaraz konfiguratu eta webguneetan euskara lehenesteko. Eta 2018an UEMA eta PUNTUEUSek Interneten euskara indartzeko hitzarmena sinatu zuten.

Bestalde, oso adierazgarriak dira Interneten erabilera-datuak; Eustaten 2018ko datuen arabera dagoeneko EAEn Internet erabiltzen duten 15 urtetik gorako pertsonak 1.461.600 dira. 

2019an Gazteen Euskal Behatokiak egindako gazteen egoeraren diagnostikoaren arabera ia-ia gazte guztiek egunero erabiltzen dituzte sare sozialak eta teknologia digitalaren erabilerak gora egin arren, orokorrean euskararen lagunarteko erabilerak behera egin du.

Honen guztiaren harira, eta hezitzaile gisa, galdera hauek etorri zaizkit gogora: 

  • Zer gertatuko zen Elhuyarrek Twitterren bezala Instagramen ikerketa eginez gero? (Hezitzaileok hor topatuko genituzke gaztetxo gehienak!)
  • Noizko areagotu hezitzaileok estrategikoki interneten eta sare sozialetan dugun presentzia pedagogikoa eta euskaraz, gainera?
  • Noizko Euskaraldia Digitala?
Kontrapas bertso zaharra guztion izatearen parte bihurtu zuen Xabier Letek  kantu bihurtzean. Haren hitzak moldatuz, honen alde egiteko prest?