2017-12-06

Konpetente digitalak izateko bidean. #HEZikt (2016-2017)




Gaurkoan iaz burutu nuen IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Graduondokoan egindakoaren azken proiektuaren berri ekartzen dizuet. Zuzendari lanetan Amaia Arroyo doktorea izan nuen bidelagun:

"Hezkuntza-eremuan bizitzen ari garen trantsizio-une honetan, gauza gutxi dira ziurrak eta horietako bat teknologia digitalen nonahikotasuna da. 

Teknologiaz, pantailez inguraturik bizi gara eta, hezitzaileok gure bizitzaren parte gisa integratzen ari garen bitartean, ikasleak teknologiaz inguraturik hazi dira eta halakorik gabeko bizimodua ulertezina egiten zaie. Hezkuntza-eremuan, orain arte DBHko ikastetxeetan, ikasleak oinarrizko teknologia- erabiltzaile gisa trebatzen aritu izan dira irakasleen araberako eskakizunen baitan, baina ez da ildo nagusirik izan. 

Heziberri 2020k (EHAA, 1 2015, 69-72 or.), ordea, aldaketa handia ekarri du, izan ere, Konpetentzia Digitala zeharkako konpetentzia bezala zehaztu du; denok irakasgai guztietan landu beharrekoa, alegia. 

Horretarako, DIGCOMP marko europarra erreferentziatzat harturik, landu beharreko 5 arlo hauek aipatzen ditu: informazioa, komunikazioa, edukiak sortzea, segurtasuna eta arazoak ebaztea. Gainera, 12. artikuluan argi adierazten du: “Oinarrizko Hezkuntza amaitzen duten ikasleek konpetentzia digital eta mediatikoa eskuratu behar dituzte, alfabetatze edo gaikuntza funtzional osoa bermatzeko” (EHAA 2 14. orr.). 

Baliabideen erabilera etikoa eta arduratsua ere aipatzen du, besteak beste, kontuan hartuz pertsonen intimitatea, norberaren irudia eta sexu-joera eta -nortasuna, eta aurre eginez sexismoari eta arrazakeriari. 

Nola egin bidea erabiltzaile izatetik konpetente digital izatera? Zer bide proposatu konpetentzia horren 5 arloak irakasleek zein ikasleek gradualki eta modu autonomoan garatzeko? Nola aprobetxatu online prestakuntzaren abantailak ikasleari era ordenatu batean eskolaz kanpo (edo eskolan bertan) bere ikaskuntza aberasteko aukerak eskaintzeko? (Eta bide batez, zeharka irakasleena zein senideena.) 

Hori guztia zehaztea eta DBHko edozein ikastetxerentzako baliagarria izan litekeen proposamen zehatza aurkeztea izan da gure proiektuaren xedea."

DOKUMENTU OSOA ESKURATZEKO esteka: 


2017-11-26

#Getxoblog 2017 UR saria #Wikiemakumeok proiektua.


Larunbata goizean aukera ederra izan nuen urtero sareetatik jarraitzen nuen topaketa batera bertaratzeko: Mentxu Ramiloren #wikiemakumeok proiektua saritua izan da!

Aurten hainbat tarte horretan inbertitzen ari naiz eta egitan gomendatzeko modukoa dela! Wikipedian editatzen ikasteko hilabetero in situ elkartzea eta ederki pasatzeak badu bere xarma!



Gure @mentxuwiki #wikipedian emakumeen presentzia indartzeko indarrak biltzen eta aukerak sortzen hasi zenean, ba zekien zertan ari zen!



wakeletPowered by Wakelet

wakelet Powered by Wakelet

2017-11-25

2.0 unibertsoan ikasleen artean ere genero-indarkeria PRESENTE!


Azaroak 25 eguna izaten da urtero mundu osoan barna emakume izate hutsagatik emakumeon kontrako indarkeria salatzeko eguna. Kalera ateratzeko eta #AskiDa eta #ErasorikEzErantzunikGabe oihukatzeko eguna. Hezkuntza eremuan ere aldarrikapen eguna da.

Unibertso digitalean jarri ohi dugu lupa txoko birtual honetan. Eta lupatxoak argi eta garbi erakusten du presentzialean gertatzen diren indarkeria matxistek, hemen ere badutela lekua hartua.

Ikasleak protagonista dituzten ikerketei solas egiten utziko diegu!

  • Berriki Katalunia, Aragoi, Galizia, Andaluzia, Balear eta Kanariar Uharteetako nerabeek sarean baden genero-indarkeriaren inguruko pertzeptzio, jarrera eta sineskerei buruzko ikerketa argitaratu dute. (UNED).
      

Datuen iturria: 

DONOSO VÁZQUEZ, Trinidad, María José RUBIO HURTADO y Ruth VILÀ BAÑOS, 2018. La adolescencia ante la violencia de género 2.0: concepciones, conductas y experiencias. Educación XX1: Revista de la Facultad de Educación [linean = en línea]. Madrid: Universidad Nacional de Educación a Distancia, 2018, 21, (1), 109-134 [kontsulta = consulta: 2017/11/20]. ISSN 1139-613X. Interneten kontsultagarri hemen: http://revistas.uned.es/index.php/educacionXX1/article/view/20180/16715



Eta halakoen aurrean zer egin?

2017-11-15

Moodle unibertsotik kukuka. #MOOTEU17-ko kronika ttikia (eta gehiago.)



Duela 3 ikasturte ezagutu nuen MOODLEMOOT Euskadi, Moodle erabiltzen dutenen urteroko topaketa. 

Geroztik urtero joan naiz eta baita urtetik urtera gehiago engantxatu ere! Giro ederra, euskalduna, hurbila, konfiantzazkoa. Zenbat gai berri, zenbat kide esku hartze interesgarriak aurkezten, zenbat ikasteko eta elkarrekin komentatzeko! Parekideen arteko ikaskuntzaren adibide xarmanta.

Eta bide batez, aukera izan dut Hezkidetzan Esku Hartzen (UPV/EHUren ikastaro osagarria) sortzean eta kudeatzean izandako bizipenak partekatzeko. 

#Mooteu17n “On-line irakaslearen ezaugarriak eta garatu beharreko gaitasunak” mahai-inguruan neretako erreferenteak diren euskal emakumeekin hauekin batera: Amaia Arroyo, Itziar Kerexeta eta Rakel Gamito.

Iturria: Amaia Arroyo (Twitter)



Eta hemen Juan Villarren laburpen ederra. 
Iturria: Juan Villar (Twitter)

#Mooteu16an ere familia ederra bildu ginen! Hona hemen aurkezpenetan partaide izan ginen emakumeak.
Iturria. airea e-LEARNING

"Hezkidetzan Esku Hartzen: Moodle hedatua" PetxaKutxaren txanda izan zen orduan. 


Eta nola ez, ezin ahaztu Josi Sierra, berak han gertatzen dena grabatzen eta sareratzen baitu. 
Mila esker guztioi!

2017-10-29

Autodeterminatu interdependenteak online ikaskuntzan (zein presentzialean).

Berezitasunak alde batera utzita, eremu birtualean presentzialaren isla topatu dezakegu. Gauden mundu hiperkonektatuan gaudela, bistan dago, e-learning, b-learning, m-learning eta abar gehiagora doazela eta horrekin batera prestakuntza formal, ez formal eta informalerako aukerak aunitz aberasten ari zaizkigula.



Eta oraingoan ere, aukera ederrak parez pare ikaskuntza isolatu eta bakarkakoak gainditzeko. Rakel Gamitok (UEU irakaslea) aipatu bezala, gure NIA (PLE) edo Norbere Ikas Alorra burutan hartzean, ikuspegi teknozentrista gainditu eta PERTSONAK ere bistaratzea funtsezko kontua da.

 Amaia Perez Orozco, ekonomilari feministak dioen gisa:
"... bizitza interdependentea da, nahi ala ez... Bizitzeko oinarrizko baldintzak behar dira, bizitza zaurgarria da. Beraz, bizitzeko modu bakarra pertsona batzuk beste batzuekin bizitzea da, elkarrekin, horregatik diogu elkarren menpekotasuna dugula. Eta ez dadila gaizki ulertu, kontua ez da indibidualismoaren ideala apurtzea interdependentzia eraikitzeko, baizik eta indibidualismoaren ideala apurtu behar dugu, hain zuzen, jarrera horrek ukatu egiten duelako interdependentzia daukagula
Aurreko guztia kontuan hartzeaz gain, bere ustez guztiok norberaren autonomia garatzeak sekulako garrantzia du patriarkalak diren indibidualismoa eta buru askitasuna gainditzeko. 

Izan ere, Castañeda eta Adell adituen aburuz: 
"Ikasten ikasteko konpetentzia sustatzen duten autodeterminaturiko ikasketa (selfdetermined) eta bukle bikoitzekoa (double-loop learning) bizitzan zehar ikasten diharduen edonork lortu beharreko helmugak dira, baita helduak ez direnentzako diseinatzen diren proposamen didaktikoetan kontuan hartzekoak ere."
Horregatik, online ikaskuntzan ere, 
elkarrekin eta norbere buruaren jabe! 
Transizio garaiak. 
Bidean gaude.


2017-10-11

Konpetentzia Digitala curriculumean. Bai? Ez?

Konpetentzia Digitala dela eta hainbat hausnarketatxo egiten ari gara blog honetan.

Gaurkoan Euskadiko curriculum berriak dioena aztertuko dugu, oinarrizko zehar konpetentzietan zentratuta gainera, guztion zeregin bihurtzen diren konpetentziak.

Eta ondorio gisa aurreratu dezakegu Konpetentzia Digitala garatzea ez dela dagoeneko borondatezko kontua.

 

2017-10-05

Konpetentzia Digitalak ere genero-ikuspegia behar.

Duela gutxiko post batean Konpetentzia Digitala zer den aipatzean, neurri haundi batean denek ontzat emango genukeen marko orokorra bildu genuen. 

Arront epe laburrean Internet, IKT eta gailu digitalek gure egunerokotasuna irauli dute. Hezkuntzan, gaur egun, bizitza on bat eraikitzeko hezteak Konpetentzia Digitala garatzea eskatzen du, hortik ere bideratuko baitira gero eta gehiago eremu akademiko-profesionala, harremanak eta eremu pertsonala. 

HEZIBERRIK Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan  hauxe dio: 
"Oinarrizko hezkuntza amaitzen duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa eduki behar du, hau da, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetizazio edo trebakuntza funtzional osoa."

Zertarako hezi nahi dugu, dagoena erreproduzitzeko edo eraldatzeko? galdera interesgarria luzatzen zuten EHUko irakasleak diren Luxan, Imaz eta Gonzalezek (Berria, 2015). Uste dugu oraindik ibilbide luzea egiteke dugula errealitatean jendarte bidezko eta demokratikoagoa lortzeko? Orduan, hauxe hurrengo galdera: zer sustatu beharko luke hezkuntzak hori guztia egiteko? Are gehiago, ze ondorio ekarriko lituzke ikuspegi honek Konpetentzia Digitala lantzeko eran? 

Remedios Zafra IKT, kultura digitala eta generoan aditua denaren ustez, hezkuntzaren ardatz nagusia pertsonen garapen subjektiboa sustatzean datza. Bere proposamen hezitzailea Rosa Luxemburgoren pentsamenduaren gainean eraikitzen du:  
“Sozialki berdinak, jendelegez ezberdinak eta erabat libre garen munduaren alde”.

Zafrarentzat, Internet XX. mendeko bukaeran gertatu zen iraultzarik handiena izan da,baita feminismoa gizadiarentzat ere: emakumeak, Internet egiteke, eraikitzeke lekugisa erabiliz, ziberfeminismoetatik aktibismora iritsiz, gauzak era berri eta anitzetan, - lehen ez bezala-, kontatzen, proposatzen, egiten ari dira eta ikusiarazi egin behar dira. 

Genero-ikuspegia txertatzen ez bada, hau guztia ez da bere gisa etorriko eremu digitaletan zein Konpetentzia Digitalaren garapenean. Izan ere, ikerketek ondorioztatzen dute hori ere genero-estereotipoek baldintzatzen dutela.