2021-01-13

Multimedia ikaskuntza (R. Mayer) 1/2

Iturria unDRAW
Teknologia, gailu digitalak eta internet gure esku egoteak, bizitzako alor guztietan bezala, ikasteko eta irakasteko modu berrietara eraman gaitu. Inoiz ez bezala, ikaskuntzaren nonahikotasuna da nagusi, edozein unetan eta edonon ikas dezakegu eta. Egungo pandemiak hau guztia prozesatzen eta barneratzen harrapatu gaitu. Ia egun batetik bestera eta abiadura bizian agertoki presentzial, erdipresentzial eta urrutikoaren arteko sarea josten hasi behar izan dugu gure ikas-irakas prozesuak prest izateko, egunez egun ematen diren egoerei erantzun ahal izateko.

Eta nola? Hainbat moduren artean, ikasle zein hezitzaileek masiboki ikus-entzunezko edo multimedia-bitartekoak sortzeari ekin diogu. Jakin badakigu ikaskuntzaren azken emaitzetan hainbat faktorek eragin ohi dutela baina nola optimizatu eta hobetu sortzen ditugun ikus-entzunezkoak? Hezkuntza-psikologiaren arloan Richard Mayerren multimedia irakaskuntzaren inguruko ikerketak erreferente dira azken 20 urteetan. Berak proposatzen dituen printzipioek hobekuntzarako pistak eman ahal dizkigute. Hauek bere zenbait ekarpen:
Iturria unDRAW

Multimedia irakaskuntzak
ikasketa laguntzeko erabiltzen diren ahozko zein idatzitako hitzak eta edozein motako irudiak aurkezteari egiten dio aipamen, forma estatikoa duten irudiei zein dinamikoa dutenei ere bai. (Hitzak ahoz edo pantailan idatzita egon daitezke. Irudiak forma estatikoan, ilustrazioak, diagramak, mapak edo argazkiak edo dinamikoan animazioa edo bideoa egon daitezke.)

Input bakoitzean ikusmena eta entzumena kanalak erabiltzen ditugu eta prozesatzeko gaitasun mugatua dugu. Gaiera, jasotzen dugun informazioa ezagutza izatera pasatzeko, prozesuaz kontziente izan behar dugula: informazio garrantzitsua aukeratu behar dugu, antolatu eta, azkenik, lehenagotik genituen ezagutzekin lotu eta txertatu. Horretan metakognizioak izango du sekulako garrantzia. 

Prozesu kognitiboan hiru memoria-motek hartuko dute parte: Lehendabizikoa zentzumenen memoria: belarrien bidez entzumenezko memorian eta begien bidez ikusizko memoria, jasotako irudiak eta hitzak oso denbora laburrez gelditzen dira, hortaz, hurrengo memoriara transferitu ahal izateko input horiek 20 bat segundotan aktiboki prozesatu behar izaten ditugu. Bigarrena laneko memoria da eta ikasitakoa aldi batez kontzientzia aktiboan atxikitzeko erabiltzen da. Garrantzitsua den hitzezko informazioa mentalki antolatuko dugu hitzezko eredu batean eta ikusizko informazioa, berriz, eredu piktoriko batean. Memoria hau da garrantzitsuena da, horri esker, gure garunak ezagutza berriak antola ditzakeelako, gero denbora luzeagoz iraun dezan. Hirugarrena epe luzerako memoria da: aldez aurretik genituen ezagutza garrantzitsuak aktibatu eta lan-memoriara ekarri eta hitzezko zein irudizko ereduekin integratuko ditu. 
Commons

Mayerrek multimedia-materialak ondo diseinatzeko hainbat printzipio zehaztu ditu, eta ikerketa bizirik dagoen arren, ikertutakoak momentuz erakutsi du multimedia ikaskuntzak aldez aurreko ezagutza txikiagoa dutenen zein espazio-trebetasun handiagoa daukatenen emaitzak hobetzen laguntzen duela. Printzipio horiek ezagutu eta erabiltzeko prest?


2020-12-18

Gure e-jarduerak diseinatzeko oinarri teknopedagogikoak berrikusten

Ikasketa aktiboak ikasleak protagonista bihurtzen ditu.Ikasleek informazioa ezagutza bihurtu eta testuinguru ezberdinetan aplikatzen jakitea du xede, baita teknologia eta gailu digitalak lagun ezin hobeak. Hezitzaileok e-jarduerak diseinatzerakoan ezinbestekoa dugu sustatu nahi dugunaren hautu kontzientea egitea eta agerian jartzea nolako oinarri teknopedagogikoan sustraituko ditugun gure ikas-irakas jarduera digitalak.   

Abiapuntu gisa hona hemen Lourdes Guardiak (UOC) egiten zuen proposamena:

-----------

2020-12-16

"Euskara eta feminismoa bidelagun" bilduma

Euskara eta feminismoa bidelagun topaleku ederra izan da entzuteko, birpentsatzeko, sentitzeko eta loturak berrantolatzeko. Remedios Zafrak aipatu bezala Mundua aldatzen duenak lehenago mundua aztoratu behar izan du. (Feministaldia, 2020)

Bizitzaren eremu orotarako ezinbestekoa bihurtu zaigun eremu digitalean ere euskara eta feminismoa bidelagun izateko bide luzea egiteke. Horretan ere begirada jarri behar. Indarrak biltzeko prest?

2020-10-28

Online irakatsi edo online biziraun? Pandemia garaiko erronkak-Rakel Gamito.

Ze gustura jarraitu nuen, online doike, UEUren ikasturte hasierako hitzaldi nagusian #HEZikt graduondokoko irakasle Rakel Gamito: Online irakatsi edo online biziraun?
Pandemia garaian hezkuntza-komunitatearen erantzunak aztertu eta datozen erronkak zehaztu zituen. #EzGaltzekoModukoa!!!



2020-10-26

Eskola hiztun proaktibo [digital eta parekide] bila!

Miroodles

Gaur #EzGaltzekoModuko bi ekarpen iritsi zaizkit txiolandiatik nere leiho digitalera.😀 

Batetik, Gorka Juliok hezkuntzan multinazional teknologiko haundien saiakerei aurre egiteko apustu sendo bat proposatu digu: elkarlan erradikalerako apustu bat, software libreko tresnak eta lizentzia libreetan oinarritutako materialak sortu eta partekatzera bideratua, eta eskola publiko, komunitario eta kontzertatuak lotuko dituena. (Berria)

Bertzetik, Eskola Hiztun Bila 24. jardunaldietan Iratxe Retolazak eginiko hitzaldia (16:30 minututik 1:32:30 arte). Argi eta garbi deskribatu du hezkuntza arautuan bizitzen ari garen egungo egoera euskal kulturaren transmisio zein euskarazko komunikazio gaitasunaren inguruan. Hezkidetza planekin parekatuz, aldarrikatu egin du Heziberri 2020-curriculuma jarraiki, kultura ere zehar lerro gisa sustatzea, sareak eta egiturak elikatuz, euskal kultura planak sustatuz. Gainera, kultura eta dauden baliabideak  ikasleen eskura jartzeren garrantziaz hitz egin du ere bai. Nabarmenduko nuke amaieran bota duen gakoa: jende aunitz ari gara han-hemenka ahaleginak egiten eta egina dagoena zein sortzen ari garena elkarri jakinaraztea funtsezkoa da.

Burujabetza teknologikoa+euskal kultura eta komunikazioa+hezkidetzaren aldeko indar guztiak bildu eta batera landuz gero, hezkuntza formalean dauden zeharlerro nagusiak ukitzen arituko ginatekeela iduritzen zait. Bidean, hezitzaileon jarrera proaktiboaz gain, Hezkuntza Sailaren posizionamendu eta elkarlan sendoa beharko dugu. Badugu zer landu ikas-irakaskuntza prozesuetan ikasleekin! Sobera pentsatu gabe:
  • Euskaraz dauden eremu eta inguru digitalen aldeko apustu garbia.
  • Euskaraz egon eta askeak diren software zein material digitalak lehenetsi.
  • Konpetentzia digital hezkidetzailea zehaztu eta sustatu.
  • Euskal kultura, era anitz eta inklusiboan ulertuta, ikasleentzat eskuragarri jarri.
  • Ahozko eta ez ahozko komunikazio inklusibo, ez sexista sustatu online zein offline.
  • Hezitzaileon (eta erakundeen) artean konplizitate sareetan jardun.
  • ...