2020-06-16

HEZKEH 6. edizioa martxan! Hezkidetzaren oinarrizko ikastaroan izena emateko epea zabalik!

Berriz ere, gogoz eta ilusio handiz buru-belarri  ari gara Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 6. edizioa antolatzen. 

Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara, gustura, azkeneko 5 ikasturteetan.
Dagoeneko 6- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!

2020-05-04

Eta orain... azterketak online, nola? 8-O


COVID-19k ohiko ebaluazioaren paradigma birpentsatu beharra ekarri digu. Izan ere, dagoeneko klase digitaletan murgilduta gaudelarik, erronka (edo buruhauste) erraldoia hezitzaileontzat hauxe: nola egin ebaluazioa egoera honetan? Eta ebaluazioa esatean azterketak ditugu buruan... Hemen Lasarteko Berritzeguneak antolatuta, UOC-ko irakaslea den Antoni Badiaren eskutik argi eta garbi ikastetxe gehienon egoera deskribatzen duen solasaldia, baita bide horrek hartu ahalko lukeen norabide logikoa ere. (Oharra: begiratu Kolaborategiaren ekarpen mamitsu hau eta UOC bidezko hau ere bai)


Esan bezala, gure kezka hau dugu, offline egin ohi ditugun azterketak online moduan nola egin? Horretarako, guk ikasleak azterketa garaian gainbegiratu edo/eta plagioak detektatzeko teknologia aproposa topatu behar dugula izan daiteke lehen burutazioa. Baina gure eskuetan dugun teknologia eta baliabide digitalak ikusita, ez dut uste bide honetatik jarraituta, ibilbide luzerik izango dugunik. Bestalde, legalki ere, Hezkuntza Sailetik larrialdi-egoera honetan online ebaluazio-markoetan ditugun mugen berri izatearen falta antzematen dut nik bederen.


Hori dela eta, azterketen erronkari heltzeko beste bideren bat hasunartu behar. Argi dut ebaluazioaren zentzu pedagogia eta egiten ditugun azterketa motak aldatu beharrera iritsiko garela. (Ebaluazioa bai dela, Bigarren Hezkuntzan behinzat, heldu beharreko gaia.) Ezin dugu aurrez aurreko azterketaren transpolazio simetrikoa egin online azterketa batera eta efizientziaren izenean bestelako bideen bila jarraitu behar. Edo bai? Egia esan, kontraesanetan murgilduta bizi gara, batetik, konpetentzia bidezko hezkuntza-ereduan aomen eta, bestetik, selektibitateko azterketak egiteko eskakizunak betetzeko ikasleak prestatu behar... Bururatzen zait, azterketak hala mantenduz gero, gutxienez ikasleei eskatu beharko geniekela azterketaren inguruko audio/bideo bidezko azalpena egitea: beraiek egin dutela erakusteko, erabilitako trebeziak, edukiak eta arrazonamendu bideak zein izan diren azaltzeko, azken finean metakognizioa sustatzeko.


Dena xuri edo beltz hartea ez denez aproposa izaten, agian momentu ona da beste aukera batzuk ere kontuan izateko, ohikoarekin konbinatzeko sikiera, eta horien artean, adibidez, liburu irekiko azterketa modukoak (Open Book Exams).



Bukatzeko, markoa zabaltzeko berriz ere, INTEFek ere iradokizun interesgarriak luzatu dizkigu online ebaluazioaren inguruan. 

Burua bor-bor, ezta? Hau da gure eguneroko intentsidade intentsoa... Bakoitza bere neurriko formularen bila ibiliko gara seguruenik... Ea nola amaitzen dugun ikasturtea eta elkarren artean halakoak partekatzeko aukera dugun, denbora luzeko kontua izanen baita eta halakoetan ere, elkarrekin bidea eginez gero, hobe!.

2020-04-16

Konfinamendu fisiko masibotik sareetara salto jendetsua! Zer moduz, hezitzaile?

Egun batetik bestera, guztion erresilientzia gorpuztua. Egunerokotasuna iraulia.  Eta gure bizi-eremu fisiko eta birtualaren arteko loturak (eta hausturak) inoiz baino garbiago agerian. Hezkuntza-eremuan lehendabiziko erronka ere, bideratua: gure ikastetxe fisikotik birtualera salto!  Gure inguruan Komunikazioa eta Hezkuntza Ingurune Birtualetan aditua den Amaia Arroyok ederki adierazi du zenbat ahalegin eta nolako konpromiso maila erakusten ari garen bazter guztietan (aupa gu!) baita aurrera egiteko #EzGaltzekoModuko gomendioak luzatu ere. 
Arrakala digitala aipatu izan da maiz egun hauetan. Ekimen ugari konexioa errazteko eta ekipo informatiko zein gailuak eskura jartzeko, azken finean, talde-kohesioa bermatu eta ikasleak gurekin biltzeko.  Hala ere, zalantzaz gainezka: ikasturtea nola bukatu, zer landu, zein izango dira ebaluazio (kalifikazio?) eskakizunak eta abar. Horrekin bakarrik nahiko buruhauste, ezta?

Badugu parez-pare beste erronka garrantzitsu bat: gure (elkar)bizitza digitalaren alderdi oro sustatu eta kudeatzeko prest? Kognitibo-akademikoarekin batera sozio-emozionalak? Zuzenekoan bezala, berebiziko garrantzia izango baitute klase digitaletan ere bai. Elkarren arteko komunikazioa, feedbackaren kalitateak zerikusi handia izango du honetan. Zer gertatzen ari da genero-arrakala digitalarekin? Ezer ez egitea, egitea denez, hezitzaileok ezer egin ezean, hizkuntza ez inklusiboa eta parte hartze ez parekideak erreproduzitzen jarraitzeko arriskuaz gain, indarkeria matxistak aipatu ez eta ikasleak ahalduntzeko aukerak galtzekoa dago.  Oraingoan ere, netiketek bestelako harreman markoak erakusten dizkigute.
Ahots ezberdinak agerian uzten ari dira krisi honi genero-ikuspegiarekin begiratu beharra dagoela analisia kokatuagoa izan dadin. Zer gertatuko litzateke hezkuntza- eta bizi-eremu digitaletan ere begirada hori txertatuko bagenu? Zer gertatzen ari ote da? 30 egun pasa ditugu COVID-19 goiti eta beheiti eta urrutiko hezkuntzara (zenbatetan elearning?) salto masiboa egin eta gero, gure egunerokotasuna dagoeneko ez da berdina izango. Ea sexismo eta desberdinkeria digital ororekiko jarrera kritikoa ere kontzienteagoa den konfinamendu garaitik aurrera!

[M4ko eguneraketa] Eskola-jazarpenaren kontrako eguna dela eta, hasi dira agertzen hainbat datu: Berrogeialdian, eskola jazarpenak % 10eko hazkundea izan du.


2019-12-08

Interneten garaian genero-arrakala digital (GAD) berriak eta iceberg digital matxista EAEko nerabeen artean

Aurreko postean aipatzen genuen Esti Linaresek dagoeneko argitaratu du “El iceberg digital Machista: análisis, prevención e intervención de las realidades machistas digitales entre la adolescencia en la CAE” azterlana, Emakunderen ikerlanen Lehiaketaren seigarren edizioa irabazi zuena. Linaresek ibilbide luzea du gai honen inguruan hausnartzen eta itzal luzekoa dugun gai hau gure inguru hurbilean argitzen.

Gure inguru hurbileko datuek erakusten digute dagoeneko lehen genero-arrakala digitala (Internetera iriste-maila) ez dela esanguratsua euskal gazteen artean. Ia guztiak bertan etengabe daude. Hortik aurrera adituek bestelako etenak identifikatzen hasi dira. Bigarrena erabileraren araberakoa eta hirugarrena erabilera aurreratuan dauden aldeak identifikatzen dituena. Linaresek islatu du maila horietan ere teknologien erabilerak genero-estereotipoen eskemetan oinarrituta egoteaz gain, genero-desberdinkeria sozialak eremu digitalera trasmititzen direla.

Emakunderen aldizkarian dioen moduan ikerketak egiaztatu du generoko desberdintasun sozialak eremu digitalera transmititzen direla, eta, horrela, sendotu egiten direla generoaren araberako eten digitalak teknologien trebetasunetan eta erabileran, emakumeen gorputzen hipersexualizazioa eta hipererotizazioa sarean, gizonezkoen menderatze digitala eta ziberjazarpen sexual eta/edo sexista bezalako ziberindarkeriak. Aukeren artean (ziber)feminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoa nabarmentzen ditu.

#EzGaltzekoModukoa





2019-11-24

Hezitzaileon ardura da sare sozialetako emakumeenganako ziberindarkeriak lantzea ere bai.

Hezkuntza eremuan gaudenok jakin badakigu Azaroaren 25a iristen denean, emakumeen aurkako indarkeriak lantzeko unean gaudela. Konpetentzia digitalari genero-ikuspegia ematen saiatzen gara txoko honetan, beraz ekin diezaiogun gaiari!

Internet eta, bereziki, sare sozialak gazteentzat bizi-eremu bihurtu dira. Gailuen bitartez
Iturria: stockvault.
etengabe konektatuta egoteko aukerak pertsonen arteko harremanak, lan egiteko eta ikasteko moduak eraldatu ditu.
Izan ere, IKT (Informazio+Komunikazio Teknologiak) kontzeptua atzeratuta geratu eta HIKT (Harreman+Informazio+Komunikazio Teknologiak) aldarrikatzen aritu izan diren adituak daude.

Aditu horietako bat den Carmen Ruiz Repulloren hitzetan HIKT horietako alderdi bat sare sozialetan gauzatu egiten dela eremu birtualetan nerabe/gazteen artean gertatzen diren genero-indarkeriak aztertzen dituen argitalpenean. Izan ere, komunitate birtual hauek pertsonen arteko kontaktuak sustatzea dute xede eta harreman-eremu bezala sortu dena, sozializazio eta subjektibazio gune ere bihurtu da, bereziki gazteen artean sareek hartu duten protagonismoa kontuan izanik. Mugikorrek prozesu honetan duten garrantzia ikusita, dagoeneko “teknologia afektiboa” direla defendatzen du Repullok, sentimendu eta emozioen adierazpena, esperientzia eta komunikazioa baldintzatzen dutelako.

Beste aditu batek, Ianire Estébanezek hainbat gako ematen ditu fenomeno hau kokatzeko sare sozialetan neska gazteen aurkako ziberbiolentziak aztertzen dituen gidan:
  • Sare sozialak indarkeria zein ahalduntze guneak dira.
  • Online bizitzan gertatzen denak badu zerikusi handia offline bizitzan gertatzen denarekin.
  • Sareak arazo sozialen ispilu dira eta “ziber” dena tresna da, ez indarkeriaren kausa.
  • Indarkeriak zuzenean ikusteak, hauei erantzun publikoak eta agerikoak emateko aukerak sortzen ditu.

Esti Linaresek bere tesian ondorioztatu du jendartean dagoen matxismoa errepikatu egiten
Iturria: stockvault.
dela teknologia digitaletan: bideo joko, youtuber eta sare sozialek sexismoa islatzen dute, batez ere nerabeen artean barneraturik dituzten jarrerak eta estereotipoak erakutsiz. Eta horrekin batera oso diskurtso eraldatzaile eta alternatiboak badaudela ere bai.

Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean (2019) buruturiko ikerketaren ondorio nagusien arteko bat helduen eta gazteen artean dagoen arrail digitala dago. Ikerketaren arduradunen iritziz, batzuek eta besteok oso era ezberdinean ulertzen dugu munduan egoteko modua eta oso garrantzitsua da helduok gure errealitate propioa deseraikitzea, sare sozialen leihoetatik sartzea indarkeria sexisten identifikazio eta prebentzioan nerabeei lagundu ahal izateko.


Aurreko guztia irakurrita, zeren zain gaude hezitzaileok gaiarekin buru-belarri hasteko? Teknoeszeptizismo eta teknooptimismoaren artean kokaturik, estrategia moduan sare sozialak ezagutu behar ditugu eta beraien erabileran konpetenteak izatera iritsi.


2019-06-27

Hezkidetzan Esku Hartzen 5. edizioa martxan! Hezkidetzaren alde bildu nahi?


Ilusio handiz ari gara buru-belarri Hezkidetzan Esku Hartzen UPV/EHUren ikastaro osagarriaren 5. edizioaren antolaketa lanetan. Zein azkar pasatzen diren urteak!!!!


Hantxe dago 2014. urtea, 1. edizioa diseinatzen hasi ginenean eta guk geuk geronentzako nahiko genukeen hezkidetzaren inguruko ikastaroa sortzeko aukera bizi izan genuenean. (Mila esker Arantza Campos aukeragatik! Eta lan-taldeari pausoz pauso egiten ari garen guztiagatik!)

Garbi genuen zer zer nahi genuena:
  • online ikastaroa, e-learning bidea baita egun han-hemenka hezkidetzaren inguruan gaudenok biltzeko modurik efizienteena.
  • euskaraz, hezkuntza-eragile eta hezitzaile euskaldunoi begirako prestakuntza baita.
  • CC lizentziapeko edukietan oinarrituriko ikastaroa, jendearen esku utzi eta bere bidea egiten jarraitzeko moduko ezagutza partekatuaren aldekoak baikara.
  • Sare sozialen bitartez UPV/EHUren eGelaPi (Moodle) gunetik haratago doan ikastaroa, egiten ez dutenekin ere hartu-emanetan aritzeko aukerak sustatzeko.

Hauek Euskarazko Wikiesanak atarian daudenak!
(#Wikiemakumeok)

Eta horretan ibili gara gustura azkeneko 4 ikasturteetan.
Dagoeneko 5- edizioan izena emateko epea zabalik dago. 
Zuek aukeratzen duzuen bitartean, gu ere hortxe egonen gara, 
elkarrekin #HezkidetzarenAlde indarrak biltzen!

Zure zain!






2019-06-05

[10 minututan], ez galtzeko moduko PODCASTak!

Maite Goñi da 10 minututan Podcast programaren gidaria.( ikus ZuZeu euskarazko  orainkaria) Aukera paregabea modu erraz batean zein diren teknologia digitalaren azken joerak ezagutzeko baita nola aberastu  ikas-irakaskuntza prozesuak ere, bide batez Konpetentzia Digitala garatuz. Gainera, gai bakoitzaren inguruko estekak eta erreferentziak ageri dira.
Oso aproposa Konpetentzia Digitalarekin zerikusia duen gai bakoitzari sarrera emateko, irakasle, familia eta ikasleei pasatzeko, norberak bere kontu ikasteko, podcasten munduan murgiltzeko ...

#EzGaltzekoModukoa!!!!!
Hezitzaileontzat (eta ez hezitzaileentzat)