2018-05-22

Goazen Wikipediara! #Wikiemakumeak



Orain dela urte bat pasatxo #Wikiemakumeak topaketa batera hurbildu nintzen lehenengo aldiz. Nire ustez Wikipedia zena Wikimedia fundazioaren barneko ekosistemaren osagaia zela ikusteak harrituta utzi ninduen! 


Milioika bisita, eduki askeko entziklopedia, lankidetzaz editatua, eleanitza, boluntarioek egina... baina emakumeen ekarpenei eta protagonismoari dagokionez datuek argi uzten dute badela zer hobetu ! (Ikus datuak)




Iturritik egokitua

Zergatik da hain garrantzitsua emakumeak Wikipedian editore gisa aritzea eta emakumeen ekarpenak bistaratzea? (Eta Wikiesanak gunean haien pentsamendua hitzez hitz aipatzea, dauden artikuluei genero-ikuspegia txertatzea, Wikipedia barnean liburuzain zereginetan jardutea, Commonsera iruditegi feminista eta berdinzalea igotzea eta abar luze bat... )

Ziberespazioa okupatzea ere ezinbertzeko kontua bihurtu delako. Emakumeok espazio publikoan egoteko, geure bizitzaren protagonista izateko borrokatzen dugun bezala, Internet dagoeneko fisiko-presentziala bezain erreala den elkarbizitza eremua da eta hor ere ezer egin ezean heteropatriarkatuak dituen mekanismoak etengabe erreproduzitu egingo ditu. Mekanismo hauetariko bat androzentrismoa da, hots, emakumeak eta haien ekarpenak ikusezin bihurtzea.
Horregatik esaera zaharrari jarraiki [Wikipedian] izena duenak izana du eta aktibismo feminista gisa bizi dugu gure ekarpenak egiteko modua: hilean behin, Euskal Herriko hainbat txokotan zenbait lagun elkartzen gara presentzialki erabat boluntarioa den lana egiteko: emakumeen biografiak sortu, hobetu, aipuak bildu, dokumentatu...  

Topagune irekiak dira, inolako konpromisorik eskatzen ez dutenak, soilik zure bizitzako tarte hori entziklopedia unibertsal "demokratiko" horretan sexuǵenero jauzia gutxiagotzeko falta direnak bistaratzeko aprobetxatzea!

Wikipedian editatzen ikasi nahi? Animatu eta etorri hurbilen duzunera!

Hurrengo larunbatean Wikiemakumeak EZAGUTZA(K) LIBREAGO IZATEKO topaketan aurkeztuko dugu eta bertze hainbertze ekimen interesgarrien berri izateko aukera ederra izango dugu.  

Animatu eta hantxe ikusiko dugu elkar!


2018-02-07

2018ko Internet Seguruaren Nazioarteko Eguneko berriak.

Mundu guztian barna ospatu zen atzo Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna.
UPV/EHUko EU Kids Online taldeak eta UNICEFek ‘Arrakala digitalaren haurrak Espainian’ txostenaren emaitzak ezagutzera eman zituzten. 
Hona hemen CAMPUSAk bildu dituen alderdirik adierazgarrienak:
"Euskadin, (10-15 urteko) haurren % 97,6k erabiltzen dute Internet, % 94,9k ordenagailua erabili zuten azken hiru hilabeteetan eta % 77,5ek sakelako telefonoa dute, (INE)"
"Sarbide digitalak onurak eta aukerak ez ezik arriskuak ere ekartzen dizkie haurrei; besteak beste, eduki kaltegarrietara sartzea, sexu esplotazioa, jazarpena eta ziberjazarpena gertatzeko arriskua handitzea, eta informazio pribatua modu desegokian erabiltzea.
"Tradizioz biktimizatu izan diren kolektiboetako haurrak dira kalteberenak, esaterako ijitoen eta LGTBI komunitateko haurrak eta migrazio jatorriko haurrak, eta haiek jasotzen dute eraso gehien Interneten."
"(Aldi berean) haur kalteberenentzat, Internet funtsezkoa izan daiteke beren gaitasuna garatzeko, hobeto integratzeko eta erreferenteak eta laguntza bilatzeko, besteak beste." 
Ez izan izar kanpaina (#NoSeasEstrella) jarri dute abian.

Hona hemen Estefania Jimenez (UPV-EHUko ikerlaria) Euskadi Irratian ikerlan honen harira ondorioztatutakoak komentatzen.

2018-01-20

Guztiok ziborg-ak? (Jendea, makinak eta kontraesanak.)

Amber Case ziborg-antropologaria entzuten hasi orduko buru barnean bor-bor hasten dira ideiak, usteak eta iritziak:


Gogora ekarri dizkit Coral Herrerak berriki Pikaran argitaraturiko "Emakume gorra eta cyborg-a" testigantza hunkigarria eta Gorka Juliok gai honen inguruan idatzitako Ziborg-ak gara sarrera. Bertan Neil Harbissonen, -munduak ziborg bezala kontsideratutako lehen pertsona-, biografia gogoratzen du. Baita Donna Harawayk bere Ziborg Manifestua-n egiten duen proposamena: ziborg-ek ekarri digute genero eta gorputzaren arteko mugen malgutasuna: ez humano ez makina, ez gizon ez emakume. 


Bertze muturrean Dolors Reigek dioen moduan, oraindik hiritartasun eskubideak denentzat bermatzen ez dituen munduan robotak hiritar izendatuak... Eta gainera genero-ikuspegia sartuz gero, berriro sexu-genero estereotipo sexistak pil-pilean...

Zalantzarik gabe, nik Haraway eta Amber Case nahiago!

Iturria: Telos 


2018-01-14

NETIKETAK (TRATU ONAK) ezinbestekoak ingurune digitalean.

NETIKETAK eremu digitalean komunikazio eraginkorra, positiboa eta begirunezkoa ahalbidetzen duten arau bilduma dira. 

Ikasleek gero eta lehenago,in situ eta online continuum batean bizitzen ari dira haien egunerokotasuna. Hezitzaileondako erronka, beraz, inguru fisikoan egiten dugun bezalaxe, digitalean ere ondo komunikatzen konpetente izan daitezen bermatzea. 

Hona hemen proposamen bat:



Gehiago jakiteko: 

2017-12-06

Konpetente digitalak izateko bidean. #HEZikt (2016-2017)




Gaurkoan iaz burutu nuen IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Graduondokoan egindakoaren azken proiektuaren berri ekartzen dizuet. Zuzendari lanetan Amaia Arroyo doktorea izan nuen bidelagun:

"Hezkuntza-eremuan bizitzen ari garen trantsizio-une honetan, gauza gutxi dira ziurrak eta horietako bat teknologia digitalen nonahikotasuna da. 

Teknologiaz, pantailez inguraturik bizi gara eta, hezitzaileok gure bizitzaren parte gisa integratzen ari garen bitartean, ikasleak teknologiaz inguraturik hazi dira eta halakorik gabeko bizimodua ulertezina egiten zaie. Hezkuntza-eremuan, orain arte DBHko ikastetxeetan, ikasleak oinarrizko teknologia- erabiltzaile gisa trebatzen aritu izan dira irakasleen araberako eskakizunen baitan, baina ez da ildo nagusirik izan. 

Heziberri 2020k (EHAA, 1 2015, 69-72 or.), ordea, aldaketa handia ekarri du, izan ere, Konpetentzia Digitala zeharkako konpetentzia bezala zehaztu du; denok irakasgai guztietan landu beharrekoa, alegia. 

Horretarako, DIGCOMP marko europarra erreferentziatzat harturik, landu beharreko 5 arlo hauek aipatzen ditu: informazioa, komunikazioa, edukiak sortzea, segurtasuna eta arazoak ebaztea. Gainera, 12. artikuluan argi adierazten du: “Oinarrizko Hezkuntza amaitzen duten ikasleek konpetentzia digital eta mediatikoa eskuratu behar dituzte, alfabetatze edo gaikuntza funtzional osoa bermatzeko” (EHAA 2 14. orr.). 

Baliabideen erabilera etikoa eta arduratsua ere aipatzen du, besteak beste, kontuan hartuz pertsonen intimitatea, norberaren irudia eta sexu-joera eta -nortasuna, eta aurre eginez sexismoari eta arrazakeriari. 

Nola egin bidea erabiltzaile izatetik konpetente digital izatera? Zer bide proposatu konpetentzia horren 5 arloak irakasleek zein ikasleek gradualki eta modu autonomoan garatzeko? Nola aprobetxatu online prestakuntzaren abantailak ikasleari era ordenatu batean eskolaz kanpo (edo eskolan bertan) bere ikaskuntza aberasteko aukerak eskaintzeko? (Eta bide batez, zeharka irakasleena zein senideena.) 

Hori guztia zehaztea eta DBHko edozein ikastetxerentzako baliagarria izan litekeen proposamen zehatza aurkeztea izan da gure proiektuaren xedea."

DOKUMENTU OSOA ESKURATZEKO esteka: 


2017-11-26

#Getxoblog 2017 UR saria #Wikiemakumeok proiektua.


Larunbata goizean aukera ederra izan nuen urtero sareetatik jarraitzen nuen topaketa batera bertaratzeko: Mentxu Ramiloren #wikiemakumeok proiektua saritua izan da!

Aurten hainbat tarte horretan inbertitzen ari naiz eta egitan gomendatzeko modukoa dela! Wikipedian editatzen ikasteko hilabetero in situ elkartzea eta ederki pasatzeak badu bere xarma!



Gure @mentxuwiki #wikipedian emakumeen presentzia indartzeko indarrak biltzen eta aukerak sortzen hasi zenean, ba zekien zertan ari zen!



wakeletPowered by Wakelet

wakelet Powered by Wakelet