Orain dela urte bat pasatxo #Wikiemakumeak topaketa batera hurbildu nintzen lehenengo aldiz. Nire ustez Wikipedia zena Wikimedia fundazioaren barneko ekosistemaren osagaia zela ikusteak harrituta utzi ninduen!
Milioika bisita, eduki askeko entziklopedia, lankidetzaz editatua, eleanitza, boluntarioek egina... baina emakumeen ekarpenei eta protagonismoari dagokionez datuek argi uzten dute badela zer hobetu ! (Ikus datuak)
Iturritik egokitua |
Zergatik da hain garrantzitsua emakumeak Wikipedian editore gisa aritzea eta emakumeen ekarpenak bistaratzea? (Eta Wikiesanak gunean haien pentsamendua hitzez hitz aipatzea, dauden artikuluei genero-ikuspegia txertatzea, Wikipedia barnean liburuzain zereginetan jardutea, Commonsera iruditegi feminista eta berdinzalea igotzea eta abar luze bat... )
Ziberespazioa okupatzea ere ezinbertzeko kontua bihurtu delako. Emakumeok espazio publikoan egoteko, geure bizitzaren protagonista izateko borrokatzen dugun bezala, Internet dagoeneko fisiko-presentziala bezain erreala den elkarbizitza eremua da eta hor ere ezer egin ezean heteropatriarkatuak dituen mekanismoak etengabe erreproduzitu egingo ditu. Mekanismo hauetariko bat androzentrismoa da, hots, emakumeak eta haien ekarpenak ikusezin bihurtzea.
Horregatik esaera zaharrari jarraiki [Wikipedian] izena duenak izana du eta aktibismo feminista gisa bizi dugu gure ekarpenak egiteko modua: hilean behin, Euskal Herriko hainbat txokotan zenbait lagun elkartzen gara presentzialki erabat boluntarioa den lana egiteko: emakumeen biografiak sortu, hobetu, aipuak bildu, dokumentatu...
Topagune irekiak dira, inolako konpromisorik eskatzen ez dutenak, soilik zure bizitzako tarte hori entziklopedia unibertsal "demokratiko" horretan sexuǵenero jauzia gutxiagotzeko falta direnak bistaratzeko aprobetxatzea!
Wikipedian editatzen ikasi nahi? Animatu eta etorri hurbilen duzunera!
Hurrengo larunbatean Wikiemakumeak EZAGUTZA(K) LIBREAGO IZATEKO topaketan aurkeztuko dugu eta bertze hainbertze ekimen interesgarrien berri izateko aukera ederra izango dugu.
Animatu eta hantxe ikusiko dugu elkar!