2017-07-20

Eta zu? IKASKUNTZA INFORMALzalea zara? #KDigitala #KDbidean

Iturria: Pixabay
Betidanik "informala" "formala" baino erakargarriagoa suertatu izan zait nahiz eta hezkuntza formalean aritu (eta hizkuntza klasikoen irakaskuntzan gehienbat gainera). Era berean nahiko autodidakta ere bai. Agian horregatik poliki-poliki eta konturatu gabe IKTen eta Internetaren munduan ikasten eta trebatzeko prozesuan erabat murgilduta egotera iritsi naiz: jakinmina eta intuizioari jarraiki aunitzetan besteengandik egin daitezkeenak ikasiz, erronkei aurre egiteko erantzunak bilatzen saiatuz, batzutan nire kontu eta gero eta gehiagotan ingurukoekin harremanetan bai presentzialki bai birtualki...  

Beranduago jakin izan dut (kontzeptualki) nola deitzen zaion ikasteko modu "natural" honi: ikaskuntza informala. 

Zer da ikaskuntza informala?
Ikaskuntza informalaz ari garenean (Informal learning) eguneroko bizitzan edozein eremuko ekintzei esker lortzen dugun ikaskuntzaz ari gara. Ikaskuntza informala egituratu eta planifikatu gabekoa eta soziala izan ohi da.

Ikaskuntza informalak mahai gainean jartzen digu denek ikasteko dugun era naturala: gure interesei eta ikasi nahi dugunari jarraiki, elkarrekin ikasteko dugun gaitasuna, batzuk besteengandik, jakin-mina eta hobekuntza-beharrei erantzuteko, dauzkagun erronkei edo arazoei aurre egiteko, galdetuz, ikertuz, erantzunak bilduz, saiakerak eginez, hanka sartuz, dakienari begiratuz, elkarri lagunduz…

Bestalde, lotura zuzena du nonahikotasunarekin (ubicuo izatearekin) ikasketak edozein lekutan eta edozein unetan eman daitezkeelako eta bizitzan zehar etengabeko ikaskuntzarekin. Baita ikaskuntza ikusezinarekin ere, hau da, hezkuntza formalak errekonozitzen ez dituen ikasketekin.

Zer ez da?

Ez da formala (Hezkuntza zentroek eskaintzen duten ikaskuntza: planifikatua, araututakoa, ofiziala, akreditatua), ezta ez-formala ere (Hezkuntza zentroek eskaintzen ez duten ikaskuntza: helburuak eta planfikazioa bai baina normalean ziurtagiri ofizialik gabe bukatzen dena).


Ikaskuntza informalari buruzko 
gehiago jakin nahi izanez gero:


2017-07-14

NIA (PLE) gero eta presenteago gure inguru hezitzaile digitaletan.

NIA dugu indar hartzen ari den akronimo (ez hain) berria (eta PLE gisa ezaguna ere bai). Azken boladan handik eta hemendik entzun izan dut konpetente digitalak izateko ze garrantzitsua den norberak nola, noiz, norekin ikasten duen aztertzea lehendabizi eta kontziente egitea gero.

EAEko Heziberri2020k Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan (33. orr.) hauxe dio: "Oinarrizko Hezkuntza amaitzean ikasle guztiek eduki behar dute PLE delakoa (Norbere Ikas-Alorra-NIA), hau da, norberak erabiltzen dugun tresna, zerbitzu eta konexioen multzoa, konpetentzia berriak eskuratzearekin lotutako helburuak lortzeko eta bizian zehar ikasteko."

Zer da NIA? Nola sortu? Eredurik? 
Hona hemen euskarazko baliabideak biltzen dituen infografia.
(Besterik ezagutzen duzu? Zerrenda luzatzeko prest!)

2017-07-07

Aurkezpenak eta hasierak

Kaixo, Make naiz. 

Zer dela eta blog hau?

Hainbat saltsatan murgilduta banabil ere, funtsean Bigarren Hezkuntzako irakaslea naiz (Latina eta Grekoa). Kontua da Internet eta gailu digitalek gure bizitza aldatu duten bezalaxe, gure jarduera profesionalera ere iraultza ekartzen ari direla. 

Horregatik une honetan transizio bidean ikusten dut nire burua eta erronka aunitz parez pare. Nola integratu hauek guztiak gure egunerokotasunean modu kontziente, planifikatu eta emankor batean? Nola erantzun Konpetentzia Digitalak (zehar-konpetentzia) eskatzen dituen arloei? 

Eta garrantzitsuena, nola egin hau guztia egiazko mundu demokratiko, aske, anitz eta berdinkideago baten alde arituz?

2008-2009 ikasturtean Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra (EHU) eta 2016-2017an IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan graduondokoa (UEU-EHU) egin eta gero, gaur egun hezkuntza-eremuetan ikasleen garapen osoa sustatzeko bi ildoak batera uztartzearen ezinbesteko beharraz gero eta kontzienteago naiz.

Hementxe, birtualtasunaren abantailaz baliatuz, nire egunerokotasuneko gogoetak eta baliagarritzat hartutako guztiak konpartitzeko prest, baita zuen ekarpenekin aberasteko ere.

Bidea elkarrekin eginez gero, aise goxoagoa, dudarik ez!

Egilea: Nina Paley
(AEBkoa, kultura askearen aldeko aktibista