2017-07-20

Eta zu? IKASKUNTZA INFORMALzalea zara? #KDigitala #KDbidean

Iturria: Pixabay
Betidanik "informala" "formala" baino erakargarriagoa suertatu izan zait nahiz eta hezkuntza formalean aritu (eta hizkuntza klasikoen irakaskuntzan gehienbat gainera). Era berean nahiko autodidakta ere bai. Agian horregatik poliki-poliki eta konturatu gabe IKTen eta Internetaren munduan ikasten eta trebatzeko prozesuan erabat murgilduta egotera iritsi naiz: jakinmina eta intuizioari jarraiki aunitzetan besteengandik egin daitezkeenak ikasiz, erronkei aurre egiteko erantzunak bilatzen saiatuz, batzutan nire kontu eta gero eta gehiagotan ingurukoekin harremanetan bai presentzialki bai birtualki...  

Beranduago jakin izan dut (kontzeptualki) nola deitzen zaion ikasteko modu "natural" honi: ikaskuntza informala. 

Zer da ikaskuntza informala?
Ikaskuntza informalaz ari garenean (Informal learning) eguneroko bizitzan edozein eremuko ekintzei esker lortzen dugun ikaskuntzaz ari gara. Ikaskuntza informala egituratu eta planifikatu gabekoa eta soziala izan ohi da.

Ikaskuntza informalak mahai gainean jartzen digu denek ikasteko dugun era naturala: gure interesei eta ikasi nahi dugunari jarraiki, elkarrekin ikasteko dugun gaitasuna, batzuk besteengandik, jakin-mina eta hobekuntza-beharrei erantzuteko, dauzkagun erronkei edo arazoei aurre egiteko, galdetuz, ikertuz, erantzunak bilduz, saiakerak eginez, hanka sartuz, dakienari begiratuz, elkarri lagunduz…

Bestalde, lotura zuzena du nonahikotasunarekin (ubicuo izatearekin) ikasketak edozein lekutan eta edozein unetan eman daitezkeelako eta bizitzan zehar etengabeko ikaskuntzarekin. Baita ikaskuntza ikusezinarekin ere, hau da, hezkuntza formalak errekonozitzen ez dituen ikasketekin.

Etengabeko ikaskuntza.
Zer ez da?

Ez da formala (Hezkuntza zentroek eskaintzen duten ikaskuntza: planifikatua, araututakoa, ofiziala, akreditatua), ezta ez-formala ere (Hezkuntza zentroek eskaintzen ez duten ikaskuntza: helburuak eta planfikazioa bai baina normalean ziurtagiri ofizialik gabe bukatzen dena).


Ikaskuntza informalari buruzko 
gehiago jakin nahi izanez gero:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina